euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara Munduan: 2016ko Udako Barnetegia Montevideon eta etorkizunari begirako berriak

2016/01/28

Euskara Mundua programaren ikasle eta irakasleak, FEVA eta FIVUko agintariekin (argazkia EE)
Euskara Mundua programaren ikasle eta irakasleak, FEVA eta FIVUko agintariekin (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Urtarrilaren 23an, larunbata, jarri da abian Uruguaiko hiriburuan HABEko Euskara Munduan programaren 2016ko Udako Barnetegia. FEVA eta FIVU federazioetako agintariak bildu ziren Montevideon ikasle eta irakasleei ongietorria emateko eta baita 2016-2019 epeko programarekin lotura duten berriak emateko ere.

Montevideo, Uruguai. Astebeteko ikastaro trinkoa datorren larunbatean bukatuko da, Argentinako, Brasilgo eta Uruguai bertako ikasleak lagun. FEVA eta FIVU antolatzaile, dinamika, aurreko ikastaroena darama eta espero bezala, aurrekoetan baino euskara gehiago eta baita maila altuagokoa ere entzuten da klaseetan eta klasetik kanpo.

Euskalkultura.com ikastaroetara hurbildu da eta Euskara Munduan programako arduraduna den Kinku Zinkunegirekin hitz batzuk trukatzeko aukera izan du.

Zinkunegiren esatean, “barnetegia aurrekoen antzekoa da, lau urte irauten dituen epe honetako zazpigarrena, eta esan dezakegu kruzero abiaduran gaudela". "Aldaketa handirik ez dugi izan, parte hartzaileak orain dela hiru urte hasi zirenak dira, eusten diote, beraz". Oraingo honetan taldeko kide batzuk falta dira arazo pertsonalengatik "bidaiak eta famili kontuengatik", "baina uste dut oso talde sendoa osatu dugula, hogei lagunetik gora bildu gara hemen eta aurreikusitakoa betetzen ari gara, eta ondo, gainera. Planak betetzen ari baikara”, esan digu Euskara Munduan programako koordinatzaileak.

Urrats berriak

“Jakina den legez, 2015ean zehar ospatu berri dugu Argentinan Euskaraz-en 25. Urteurrena eta argi geratu da programa arrakastatsua izan dela eta emaitza onak eman dituela; eta horregatik pentsatzen dut beste urrats bat emateko ordua ailegatu dela". "Batetik, euskara klaseetan eta irakasleen trebakuntzan eskarmentu handia dugu; jakina, beti dago lana eta beti egon behar duzu gainean baina berez doa jadanik. Hala ere hainbat hutsune ere ikusi edo aztertu ditugu 25 urteurren honen bueltan, eta hori zerekin daukagu orain".

"Los de euskera"

Horietako bat, oso garrantzitsua dena, sentsibilizazio arloan lan egitea da. Eta sentsibilizazioaz hitz egiten dudanean da, adibidez, euskal etxeetan euskara klaseak edo ikasleak ez izatea “los de euskera” (sic) gauza bat aparte izango balira bezala, eta “los de euskera” izateari uzteko garaia dela uste dut nik. Uste dut ordua dela euskara eta euskara klaseak eta ikasleak euskal etxearen ardatz izatea eta ez aparteko gauza bat".

"Egia da euskal etxe batzuetan lan hori egina dagoela eta hain zuzen haiek izan daitezkeela eredu beste euskal etxe askorentzat. Baina bai ikusi dut leku askotan arduradunek ez dutela ahalegin handirik egiten hizkuntza prestigiatzeko… ez dute ikasten… ez dute bultzatzen, ez dituzte gauzak errazten… Beraz uste dut arlo horretan batzordeetako arduradunekin lan egin behar dela, euskal etxeetako maila guztietara helduz”.

Euskararen bisibilitatea

“Beste alde batetik, uste dut barnetegi bat herri batean egiten denean, barnetegia egiteaz gain ekimenari beste etekin bat atera behar zaiola; alegia, euskararen irakaskuntza erakutsi eta ikusgarri egin behar dela herri horretan, aprobetxatu gu bertan gaudela bertako jendea motibatzeko eta ikusteko euskara ikasi daitekeela, gonbidatu herri horretan dauden euskara ikasleak –beti ere taldearen mailan baldin badaude– beraientzat bultzada polit bat izango delakoan".

"Hori dela eta momentu honetan Montevideoko barnetegi honetan hainbat ikasle etortzen dira klaseetara, otorduak gurekin egiten dituzte eta klaseak bukatzean bueltatzen dira etxera. Uste dut gauza horiek laguntzen dutela jendea euskararen inguruan sentsibilizatzen”.

Hurrengo ikastaroari begira

“2015 bukaeran, bukatu berria da Gasteizen Euskal Gizataldeen mundu mailako Biltzarra. Guretzat horrek epe baten bukaera eta beste baten hasiera markatzen du. Irakasleen trebakuntzari dagokionez, momentu honetan Montevideon dagoen talde honek seigarren urratsa edo Europako Markoko B1 mailako edukiak lantzen ari da. Aurrera jarraitzeko orduan erabaki bat hartu behar izan genuen: edo talde berri bat sortu --zabalkunde premia baldin badago-- edo daukagun taldea maila altuagora eramatea profesionalizazio eta kalitatearen izenean".

"Eta erabaki genuen oraingoko taldea lehenengo mailako (B1 Europako Markoan) prozesua bukatutzat eman ordez, B2 mailara eramatea egokia litzatekeela hurrengo lau urteetako epe berri honetan. Horrek esan nahiko luke 2019an-2020an irakasle kopuru dezente izango genukeela B2 maila egiaztatzeko moduan egongo litzatekeena". "Baina baita ere aukera ematen digu aurreko taldeetan trebatu den jendea eta bere garaian prozesua bukatutzat eman zitzaiona orain poliki poliki taldearen mailara egokitu daitezkeen neurrian berriro berreskuratzeko, talde horretan sartzeko eta elkarrekin bidaia hori egiteko”.

Bigarren txanpa

“Horrek esan nahi du orain hemen gaudenok gehi lehen prozesua bukatutzat eman eta urteetan irakasle lanetan ari direnek, baina euskara hobetzeko aukera izan ez dutenek aukera izango dutela talde honetan B2 mailara iristeko. Metodologiari dagokionez, funtzionatzen duena mantendu egin behar da. Plataformari buruz egiten den balorazioa oso ona da, jendeak ikasten du. Hala ere hausnarketa bat egiteko asmoa dugu eta urte batzuetan alde batera utzi ditugun hainbat eduki, adibidez, mintzamenari dagozkion hainbat eduki, asteroko gaiekin lantzeko aukera eskuratzea, Skype bidez, adibidez. Hainbat tresna daude mintzamena lantzeko eta ahalegina egingo dugu txertatzeko”.

“2012ko urrian Buenos Airesen lehenengo aldiz Europatik kanpo HABEko egiaztatze frogak egin ziren. Momentu honetan oraingo talde hau lehenengo mailako edukiak bukatzen ari da. Edukiak ikusten ari dira, horrek ez du esan nahi taldearen maila denik. Esango nuke ataka bat jarri behar dela eta A2tik aurrerako maila duen jendeak jarraituko duela taldea; eta 2012ko deialdian mugan gelditu zirenak, hau da, gainditu ez zutenak ere, txertatuko genituzke. 2016ko helburua da B1eko edukiak barneratzea. Gonbite guztiak egingo dira FEVAren eta euskal etxeen bidez. Gero 2017an gonbidatuko ditugu orduan 1. Maila gainditu zutenak, 2. Maila egiten has daitezen, eta 2019an gonbidatuko genituzke 2. Maila egiaztatzeko mugan gelditu zirenak, azterketa gainditu ez zutenak, azken txanpa elkarrekin egin dezatela eta berriro 2. Maila egiaztatu ahal izateko”.

Sinergiak batzen Montevideon

Elkarrizketarekin bukatzeko, HABEko teknikariak azaldu dizkigu barnetegia Montevideon egiteko arrazoiak: “Momentu honetan euskararen egoera eta euskal erakundeen egoera Montevideon nahiko konplexua dela iruditzen zait eta uste dut hori agerikoa dela. Badaude hiru euskal etxe, erregistratua ez dagoen beste elkarte bat, eta euskara klaseak unibertsitatean ere ematen dira. Uste dut nahiko sakabanatuta dagoela momentu honetan euskararen eskaintza Montevideon. Beraz hemen egitearen asmoa izan da sinergia horiek batzea. Horregatik, eta FEVAren bidez antolatzen bada ere, FIVUri eskatu genion barnetegia antolatzeko eta eskerrak eman nahi dizkiet bai FIVUri, ahalegina egiteagatik, bai FEVAri ere. Horretaz aparte, eskerrak Dani Oiarbide eta Sabrina Otegui irakasleei, ‘beteranoak’ dira gurekin baina inoiz ez dago soberan aitortzea egiten duten lana, jartzen duten interesa, eta batez ere guri haien presentziak ematen digun lasaitasuna.

“Barnetegiaren hasierarekin batera FEVAko –Hugo Andiazabal eta Arantxa Anitua– eta FIVUko arduradunak –Enrique Poittevin eta Lucia Goñi hemen izan ditugu gurekin ongi etorria ematen. Eskerrak eman nahi dizkiet”. amaitu du Zinkunegik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia