euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal baleazaleak eta euskara mintzagai hil honetan Kaliforniako Santa Barbara unibertsitatean

2012/02/02

Christine Echeverria Bender idazlea, iaz Boiseko Euskal Museoan, azalduz bisitariei euskal arrantzale eta baleazaleen historia, garai hartako arropez jantzita (argazkia EuskalKultura.com)
Christine Echeverria Bender idazlea, iaz Boiseko Euskal Museoan, azalduz bisitariei euskal arrantzale eta baleazaleen historia, garai hartako arropez jantzita (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskal kulturak leku nabarmena izango du otsailean zehar Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitatean (USBC). Iaz geroztik euskara eta euskal kultura ikastaroak eskaintzen ditu zentro honek, eta AEBetako beste hiru unibertsitaterekin batera Basque Studies Consortium delako taldea osatzen du, herrialde honetako goi mailako irakaskuntzan euskal ikasketak sustatzeko helburuarekin. Hil honetan euskal gaiek bi hitzordu nagusi izango dituzte USBCn: datorren astelehenean Christine Bender idazleak euskal baleazaleei buruz egiten ari den ikerketaren berri emango du, eta otsailaren 23 eta 24an euskarari buruzko zenbait hitzaldi izango dira entzungai Jatorri-Hizkuntzen Nazioarteko Eguna dela eta.

Santa Barbara, AEB. Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitatearen Basque Studies Program sailak euskal kultura zabaltzeko lanean dihardu eta hil honetan egingo dituen bi ekimen iragarri ditu. Lehena datorren astelehenean bertan izango da: Christie Echeverria Bender idazleak hitzaldia emango du XVI. mendeko euskal baleazaleei buruz. Eleberri historikoen idazlea da Echeverria, eta beti ere, bere fikzioek ikerketa sakonak izaten dituzte oinarri. Ikerketa horietako batzuk dira sortzaileak Kanadara joan ziren bale arrantzaleei buruz egin zituenak, eta horien berri emango du hitzaldian.

Christine Echeverriari buruz informazio gehiago, bere webgunean, hemen.

Euskara Jatorri-hizkuntzen egunean

USBC-ek euskararekin duen hurrengo hitzordua otsailaren 23an eta 24an izango da, unibertsitateak Jatorri-Hizkuntzen Eguna dela eta egingo duen mintegian. Mintegi honen antolakuntzan Etxepare Euskal Institutuaren laguntza izan du unibertsitateak, eta bi erakundeek duten lankidetza hitzarmenari esker, euskerak leku nabarmena izango du bertan.

Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, otsailaren 23an Oscar Alvarezek (Euskal Herriko Unibertsitatea- Universidad del País Vasco) Are We Worse than Pagans? How Mission Law Helped Basques Baptize their Children in their Own Language hitzaldia eskainiko du, euskal izenak jartzeko izandako oztopoei buruz. Egun berean, Xabier Irujok (University of Nevada, Reno)  A Legal History of Basque izango du hizpide, euskararen historian sakonduz.

Hurrengo egunean, otsailaren 24an, Eneritz Zabaleta (Université de Pau) euskarak Frantzian duen egoerari buruz mintzatuko da, Status of the Basque in France hitzaldian. Ondoren, Iñigo Urrutia (Euskal Herriko Unibertsitatea) globalizazioak duen eraginaren gainean ariko da, Counteracting Language Globalization in Media izenburupean.

-Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitatearen webgunea, hemen
-USBCko Euskal Ikasketa Programari buruz datu gehiago, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia