euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara Mintegia aste honetan Comahueko Unibertsitatean, Konfluentziako Euskaldunak taldea sustatzaile

2017/11/20

Baskos de la Confluencia Euskal Etxea Cipollettiko Liburu Azokan
Baskos de la Confluencia Euskal Etxea Cipollettiko Liburu Azokan

PUBLIZITATEA

Mintegia Xabier Lasa irakasle tolosarrak eskainiko du, Patagoniako Euskal Etxeek sortutako ‘Patagoniarantz’ programaren barruan. Jardunaldiak bihar asteartea eta etzi osteguna izango dira, Unibertsitateko instalazioetan. Asteazkenerako, berriz, beste ekintza bat proposatu dute neuquendarrek irakasle beraren eskutik. Etzidamu, asteazkena, azaroaren 22an, hitzaldi bat emango du Xabier Lasak euskal kulturari buruzk Alberdi Kultur Gunean. Aktibitateak libre eta doan dira.

Neuquen, Argentina. ‘Patagoniarantz’ bataiatu den programa Patagoniako Euskal Etxeen Topaketaren emaitzetako bat da. Viedma-Patagonesen bilduta, Argentinako hegoaldeko euskal etxeetako erreferenteek elkarrekin lan egiteko hari batzuk adostu zituzten, tartean Patagonia aldean euskara eta euskal kulturaren ezagutza sustatu eta areagotzeko helburua duen ‘Patagoniarantz’ proiektua. Testuinguru honetan, eskualdean euskalduntasuna nola bizitzen den jakinaraztea ere bada asmoa.

Programa honen bidez argentinaratu da Xabier Lasa eta, San Nicolasen Euskal Aste Nazionalean parte hartu eta gero, Neuquenera iritsiko da eta, Baskos de la Confluencia Euskal Etxeko lagunek gonbidaturik, mintegia eta hitzaldi bat eskainiko dizkio Lasak Konfluentziako komunitateari.

Azaroaren 21ean eta 23an, arratsaldeko 6etan, Euskara oinarrizko ikastaro trinko bat emango du Xabier Lasak Comahueko Unibertsitatean. Bi klaseak Humanitateen Fakultatean izango dira, Argentina etorbideko 1299. zenbakian. Azaroaren 22an, berriz, asteazkena, euskal kulturaz mintzatuko da irakasle tolosarra. Hitzordua 17:30etan, Alberdi Kultur Gunean (Alberdi eta Argentina etorbidea).  

Liburu Azoka eta Zinea Cipollettin

Baskos de la Confluencia Euskal Etxeko lagunek Cipollettiko Liburu Azokan hartu dute parte aurten lehenengo aldiz. Ekintzarako propio diseinatutako stand batean Eusko Jaurlaritzak eta FEVAk, eta Lauburu eta Juan de Garay Fundazioko argitaletxeek utzitako hainbat material jarri zuten ikusgai. Elkarteko lehendakari Oscar Mendiberrik EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez, “jende mordoa" pasatu zen Azokatik: "askok bisitatu gintuzten gure txokoan. Kulturari buruzko galderak egin zizkiguten eta euren datuak utzi kontaktuan jarraitu ahal izateko. Gauza horietarako ere badira baliagarriak azokak”.

Etorkizunari begira beste ekitaldi bat antolatuko dute Baskos de la Confluenciakoek Rio Negro probintziako hirian. Abenduaren 8 eta 9an Euskal Zine zikloaren aurtengo bigarren edizioa burutuko dute Carlos Gabilondoren eskutik. “Oso arrakastatsua izan zen aurreko zikloa, beraz berriro ere gonbidatu dugu Gabilondo. Datorren urtean beste bi bisita egingo dizkigu eta materiala utziko digu guk asteroko ziklo bat ere antolatu ahal izan dezagun”, azaltzen du Mendiberrik.

Azken nobedade bat ere aipatzen du Konfluentziako Euskal Etxeko buruak. Izan ere, bere elkarteko lagunek azaroaren 15ean bukatu zuten ‘Barriletes en Bandada’ erakundeak eskatu zien arropa eta oinetakoen bilketa solidarioa.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia