euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskara kultura da' lemapean aurkeztu zen Madrilen Euskal Liburutegiaren bilduma elebiduna

2011/11/21

Euskal Liburutegiko arduradunak Madrilen egin zuten aurkezpenean (argazkia Atenea)
Euskal Liburutegiko arduradunak Madrilen egin zuten aurkezpenean (argazkia Atenea)

PUBLIZITATEA

Madrilgo Atenea argitaletxeak urteak daramatza erdal hiztunei euskal literatura ezagutzeko bidea ematen, Euskal Liburutegia bilduma elebidunaren bitartez. Bildumak 25 izenburu biltzen ditu jada, eta hori ospatzeko eta ezagutzera emateko aurkezpena egin zen iragan asteazkenean Madrilgo Círculo de Bellas Artes aretoan. Bertan izan zen ere Juan Kruz Igerabide poeta, bilduman argitaratutako bere poema liburuei buruz hitzegiteko. Hurrengo egunean bigarren aurkezpen bat egin zen Madrilgo Euskal Etxean, eta abenduaren 15a arte ikusgai izango den erakusketa inauguratu zen.

Madril, Espainia. Círculo de Bellas Artes delakoan egin zen ekitaldian parte hartu zutenen buru izan ziren  Edurne Rovira, Atenea Argitaletxeko zuzendaria, eta Jon Kortazar, Euskal Liburutegia bilduma honetako editorea. Eurekin batera izan zen Juan Kruz Igerabide poeta. Igerabidek ekimen honekin harreman sakona du; izan ere, bildumako lehen liburuetako bat bere "Hosto gorri, hosto berde. Hoja roja, hoja verde" izan zen. Ekitaldian izan zen ere Irune Aguirrezabal, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria Madrilen.

Euskal Liburutegiak 25 izenburu argitaratu ditu jada, eta aurkezpenean arduradunek azaldu zutenez, aurki izango ditu kalean beste hiru gehiago. Ekitaldian iragarri zuten ere bildumako lehen liburua izan zen "Euskal baladak eta kantu herrikoiak - Baladas y canciones tradicionales vascas", errumanieraz argitaratu berria dela, hiru hizkuntzatan. Edizio eleanitzan argitaratua izan da baita ere Igerabideren "Hosto gorri, hosto berde", kasu honetan euskaraz, gaztelania eta frantsesez.

Igerabide, errumanieraz aurki

Juan Kruz Igerabide poetak bere lana elebitan ezagutarazteko arrazoiak azaldu zituen, eta arlo honetan egindako ekitaldiak aipatu zituen. Ildo horretatik, jakinarazi zuen aurki beste poema liburu bat itzulita argirataratuko dela, prest baitago "Aienatze-marra /Línea de fugacidad" lanaren errumanierazko edizioa.

Aurkezpena bukatzeko Jon Kortazarrek bildumako liburuen berri eman zuen eta, besteak beste, liburuen azaletako irudiak egin edo utzi dituzten artistei eskerrak eman zizkien, horien artean Jesus Mari Lazcano margolariari.

Euskal Etxean

Hurrengo egunean beste aurkezpen bat egin zuen Euskal Liburutegiak, oraingoan Madrilgo Euskal Etxean. Zuzendaritzako kide den Estela Ilarrazek aurkeztuta Matilde Rovirak, Jon Kortazarrek eta Juan Kruz Igerabidek egitasmoaren berri eman zuten. Ondoren Igerabide poesia irakurraldia eskaini zuen.

Aurkezpena borobiltzeko Euskal Liburutegiari buruzko erakusketa inauguratu zen Euskal Etxean. Bildumako liburuak bertan izango dira ikusgai abenduaren 1tik 15ra.

Euskal Liburutegiaren webgunea, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia