euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara klaseetan matrikulatu nahi? Uda bukatuta, 2024-2025 ikasturte hasiera ipar hemisferioko euskal etxeetan

2024/09/10

Matrikulak zabalik daude hego hemisferioko Euskal Etxeetan irail-urrian hasiko den 2024-2025 ikasturteko euskara eskoletan
Matrikulak zabalik daude hego hemisferioko Euskal Etxeetan irail-urrian hasiko den 2024-2025 ikasturteko euskara eskoletan

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Abuztua uda peto-petoa da ipar hemisferioan, eta opor garaia. Irailean sartuta, oraingo aste hauek berriro martxa hartzeko eta ziklo berrirako moldatzen hasteko tenorea dira. 2024-2025 ikasturte hasiera honetan, euskal etxeak ikastaro eta oro har egitarau berriak antolatzeari ekiten diote, euskara eta bestelako klase eta tailer eta saioekin batera, tartean jaiak, kontzertuak, zinema zikloak eta lehiaketak, batzuk aipatzearren. Gero eta gehiago dira munduan, EE bereko irakaslea formatu eta euskara eskola finkoak ematen dituzten elkarteak, gehienbat Euskara Munduan programari esker, Etxepare Euskal Institutua lankide. Ikasturte berrirako matrikulatzeko epeak zabalik daude kasu gehienetan. hauek dira ipar hemisferioan euskara ikasteko dauden aukeretako batzuk:

Hiriburu espainiarrean, Madrilgo Euskal Etxeak irailaren 23an abiatuko ditu bere klaseak eta ekainaren 20an bukatuko. Ikastaro presentzialei dagokienez, astean lau ordu emango dira bi egunetan: astelehena - asteazkena, eta asteartea - osteguna. Euskara Munduan plataforman oinarritutako urrutiko irakaskuntza-moduluak ere eskaintzen ditu Euskal Etxeak. Internet bidezko ikastaroak autoikaskuntza metodologia erabiltzen du. Nobedade gisa, bi maila (B2, 1 eta C1) erabat online emango ditu, presentzialen luzera berekoak, EEko irakasleek berek emanak. Izen-ematea zabalik da, EEko idazkaritzan (Jovellanos, 3). Ez da beharrezkoa bazkide izatea. Informazio gehiago (prezioak, ordutegiak eta txikientzako euskara eskolei buruzko informazioa) hemen. Hizkuntza Eskola Ofizialean eta Complutense Unibertsitatean ere ematen dira euskara klaseak.

Katalunian, Bartzelonako Euskal Etxeak ere baditu aukera politak, hala nola aurrez aurreko eskolak, ikastaroak on line, txikientzako klaseak, mintza saioak, barnetegia eta udako ikastaro trinkoak. Aurrez aurreko klaseak urriaren lehenengo astean hasiko dira eta ekainean bukatuko; lau ordu emango dira astean bi egunetan banaturik. Informazio gehiago, hemen. Hemen ere eskaintzen dituzte eskolak Unibertsitatean eta Hizkuntza Eskola Ofizialean. Valentzian Laurak Bat Euskal Etxeko euskara eskolak ere urrian hasiko dira eta ekainera arte luzatuko. Klaseak Euskal Etxearen egoitzan dira (Peu de la creu 8 kalean) eta aurten aurrez aurrekoak izango dira soilik. Matrikulazioa irekita dago. Informazio gehiago, hemen. Hizkuntza Eskola Ofizialean, Valentzian eta Castelló-n ematen ziren klaseak, aurrez-aurrekoan eta online, baina Generalitaten erabaki politiko bat tarteko ikasturte berri honetan seguruenik online bakarrik geratuko dira.

'Artea’ Euskal Etxeak, Mallorcan, irailaren 24an bilduko ditu euskara ikasle eta irakasleak, eta ikasten hasi nahi duten lagunak, ikasturte berriko euskara klaseen jende kopurua eta plangintza erabakitzeko. Bilera Can Alcover kultura gunean deitu da. Hona Euskal Etxeko kontaktua. Valladoliden, Gure Txoko euskal etxe pucelanoak ere baditu on line eta aurrez aurreko aukerak. Euskal etxeko bazkide izan ala ez eskolak doakoak dira. Urtean zehar "euskaraz bizitzeko" zenbait ekimen ere antolatzen dituzte, tartean zinema, Euskaraldia, Korrika, irakurketak… Informazio gehiago, hemen.

Hiriburu europarrean, Bruselako Euskal Etxeak on line ematen ditu euskara eskolak, lau mailatan: oinarrizkoa, ertaina, aurreratua eta altua. Klaseek gramatika, bideoa, audioa eta lan pertsonala konbinatzen dituzte "ideia berri eta eraikitzaileekin", Euskara Munduan programari jarraituz baina baita talde bakoitzaren beharrak eta helburuak kontuan hartuz eta horietara moldatzen. Informazio gehiago, hemenLondresko Euskal Elkarteak ere bat egiten du euskara eskolak on line ematen dituzten elkarteekin. Urrian hasiko dira 2 orduko klaseak, arratsaldean edo iluntzean, mailaren arabera. Eta, taldea osatzen bada, nerabeentzako klaseak ere emango dira. Informazioa eta izena emateko: londoneuskerairakaslea@gmail.com.

Bordeleko Euskal Etxeak ere euskara ikasteko edo hobetu eta trebetasunak landu eta hobetzeko aukerak eskaintzen ditu. Ikasturtea irailaren 16ko astean abiatuko da eta eskolak aurrez aurre eta online izango dira. Eskainiko diren mailak: hasi berrien taldea, maila arteko taldea, maila aurreratuagokoen taldea, eta adituen mailako taldea. Distantzian ikasteko aukerak bi ezaugarri ditu: Euskara Munduan plataforman (sarean ikastaroak eta ariketak) egiten da, tutoretza indibidualizatua edo talde txikietan. Informazio gehiago, hemen.

Ipar Ameriketan, NABOk Estatu Batuetan eta Kanadan eskaintzen ditu eskolak eta erakundeko kide diren euskal etxeek zabalik dauzkate euren euskara klaseetarako matrikulak euskal etxe horietako jakin batzuetan aurrez aurreko aukeran. Baita online ere. Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxeak aukera ugari eskaintzen ditu bi modalitateetan, horien artean 'Euskal Herria ezagutzen' izenekoa, Euskal Herria bisitatzeko baliagarrienak diren esaldi eta moldeak modu praktikoan irakatsiz (irailaren 12an hasiz). Estatu batuetako eta Kanadako euskaraz klaseei buruz gehiago jakiteko, idatzi NABOko euskara koordinatzaile en Edurne Arostegui-ri euskara@naboeuskara.org helbidera. Boisetik eskaintzen diren aukerak, hemen.

Euskal Etxeek egiten duten eskaintzaz gain, gogoan izan dezagun Ipar Amerikako eta Europako hainbat unibertsitatean ari direla euskara klaseak ematen Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen dituen Irakurletzetan. Horrez gain, Espainian, Hizkuntza Eskola Ofizialean eta UNEDen ere ikas daiteke.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia