euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara klaseek bolada berri bat markatuko dute San Pedroko Ongi Etorri EEan erakundearen 11. urteurren urtean

2016/05/12

San Pedroko Euskal Etxeko talde bat hiriburuko lagunekin, 2016ko 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' jaialdian
San Pedroko Euskal Etxeko talde bat hiriburuko lagunekin, 2016ko 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' jaialdian

PUBLIZITATEA

San Pedroko euskal gizataldeak, Buenos Aires probintzia argentinarrean, bere euskal etxea berpiztu eta indartu nahi du eta bultzada polit batekin hasi da: oinarrizko euskara ikastaro bat ireki dute, Bego Tisera irakasle sanicolastarra arduradun. Beste proiektu batzuk ere badituzte mahai gainean Ongi Etorri-ko lagunek, tartean, euskal zinema ematea eta hitzaldiak, euren 11. urtebetetzea uztailean ospatzearekin batera, ekintza gastronomiko batekin.

San Pedro, Argentina. Azken urte hauetan mugimendu apala izan duen arren, Buenos Aires probintziako San Pedroko euskal kolektibitateak ez du inoiz Euskal Herria eta euskal kulturarekiko bere engaiamendua galdu. Orain ere, 2016 honetan, euskal elkarteko kideak lanean ari dira urteko ekitaldi programa bat osatu eta burutzen.

Hasteko, oinarrizko euskara ikastaro bat jarri dute abian, HABEren Euskara Munduan programan trebatutako Bego Tisera San Nicolaseko irakaslearen eskutik. Klaseak hilean bitan dira, larunbatetan, arratsaldeko 4etatik 7etara. “Oso pozik gaude hau baita San Pedron euskara eskolak ematen diren lehenengo aldia", azaldu dio EuskalKultura.com-i euskal etxeko kide den Monica Mindurry-k. "Zortzi ikasle gara eta ateak oraindik irekita daude etorri nahi duen beste edonorentzat”. Hurrengo klasea maiatzaren 14an izango da eta aktibitatea doan da. Informazio gehiago, (03329) 15 559 4312 telefono zenbakira.

Martxan berriro

Bolada berri honetan, Euskal Etxeak bat egin du hiriko beste kolektibitateekin Udalari eskaera formal bat egiteko. “Bertako Gizataldeen Elkarteko kide gara eta beste taldeekin batera eskatu diogu gobernuari toki bat uzteko –tren geltoki zaharra–, bereziki egoitzarik ez dugunon kasua gogoan. Lortu ezkero, bertan garatu ahal izango genituzke gure ekimenak”, argitu digu Mindurryk.

Sanpedrotar euskal komunitatekoek bestelako asmoak ere badituzte, poliki gauzatuz joateko. Uztailean, elkartearen urteurrena da eta ekintza gastronomiko batekin ospatuko dute, baina horrekin batera Carlos Gabilondok eskaintzen duen Euskal Zine Ziklo bat antolatzeko asmoa ere badute. Eta FEVAren kultur eskaintzaren baitango hitzaldi bat ere eman nahi dute Ongi Etorri-ko lagunek.

“Mugitzen ari gara eta horrek animatu eta indar berriak ekartzen dizkigu. Azken asteburuan, adibidez, ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian izan ginen eta polita izan zen partaide izatea. Primeran pasatu genuen, lanean gainera, San Nicolaseko standean laguntzen”, adierazi digu Mindurryk.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia