euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara klaseak libertimendu eta kultur eta jolas ekintza gehigarriz hornitzen: euskal dantzak Alacanteko HEOean

2023/03/15

Jexux Larrea (ezkerrean, urdinez) dantza klaseetako bat ematen joan den asteburuan Alacant-eko Hizkuntza Eskola Ofizialean
Jexux Larrea (ezkerrean, urdinez) dantza klaseetako bat ematen joan den asteburuan Alacant-eko Hizkuntza Eskola Ofizialean

PUBLIZITATEA

Alacant, Espainia. Alacanteko Hizkuntza Eskola Ofizialean (HEO) egun maila desberdinetako lau euskara talde daude (1A2, 2A2, 1B1 eta 2B1). Urtero, Euskara Mintegiak, klaseez gain, kultur programa bat antolatzen du. Ekitaldi gehigarri horien barruan, joan den asteburuan, martxoaren 11 eta 12an, gonbidapen berezia luzatu dute: euskal dantza ikastaro bat. Proposamena denei irekia eta doakoa izan da. Larunbat arratsaldean eta igande goizean, eskolako instalazioetan bildu ziren oinarrizko dantzak ikasi eta dantzatzeko Donostiatik etorritako adituen eskutik.

Oraingoan Argia Dantza Taldeko Jexux Larrea izan da irakaslea, eskarmentu handikoa euskal diasporan dantza irakasten, Ipar Amerikan Lisa Corcostegui-ren Renoko Zenbat Gara taldean eta mendebaldeko talde guztiekin aritu baita irakasle, baita 2008tik NABO Udalekuetan ere. Gainera, klaseek zuzeneko musika izan dute, Kaña Bikaina Musika Taldeko trikitilariek interpretatua, musikariak Santiago Gurrutxaga, Nadia Josefa Irazoki, Iosu Larrea, Maider Lasa eta María Pilar Larrañaga direla. Ikastaroaren proposamenak erantzun ederra jaso zuen, larunbatean 25 bat lagun bertaratu baitziren eta igandean beste 15.

Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara irakasle eta jardueraren antolatzaile Izaskun Kortazarrek oso balantze positiboa egiten du: "Oso gustura aritu ziren guztiak. Izan ere, klaseen ondoren, elkarrekin joan ziren larunbatean afaltzera eta igandean bazkaltzera, eta ikasleek Donostiatik etorritakoen bisita euskara praktikatzeko baliatu zuten". Kortazarrek adierazi dio EuskalKultura.eus-i HEOn dantza ikastaro bat antolatzen den hirugarren aldia dela, eta bai aurreko aldiak eta baita aurtengoa ere, esperientzia bikaina izan direla. Datorren urtean errepikatzea espero dute, "agian aldaketaren bat eginez eta, esaterako, kalera dantza egitera ateratzera animatuz".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia