euskal diaspora eta kultura
2011/02/17
PUBLIZITATEA
Cordoba, Argentina. Arrakastatsua oso izan da nonbait Cordobako 'Gerora' Elkarteak antolatutako urteko azken ekitaldia joan den abenduan. Izan ere, jende ugarik hartu zuen parte San Frantzisko Xabier-en egunean bukatu zen “Euskara Astean”.
Orain, eta joan den urtean bildutako indarrek animaturik, egitaraua zabala antolatzen ari dira. Eta euskara da, beste batzuen artean, komunitatearekin partekatu nahi duten ondasunetako bat. Testuinguru horretan, otsailaren 11n hasi dira eskolak, oraingoz dagoeneko erakundeko ikasleak direnen maila berdintzeko asmoarekin. Elba Mocoroa da ikastaro honen irakaslea eta Mocoroak berak jarraituko du maila aurreratuekin martxotik aurrera.
Bitartean, eta Noe Fernandez Brizuelaren eskutik, “Iratzarri Hitza I” izeneko ikastaroan parte hartu ahal dute euskara eta euskararen testuingurua zein den jakin nahi dutenek. “Klase hauetan jendea hurbiltzen da euskara eta Euskal Herriari buruzko oinarriko kontzeptuetara. Ikastaroa egin ondoren, eta martxoan ikasturtea hasten denean, jantziago egongo dira ikasleak euskal kulturako gaietan”, azaldu dio 'Gerora' Elkarteko bultzatzaileetako bat den Elba Mocoroak EuskalKultura.com-i.
Urtean zehar garatuko diren proiektuak
Euskarak eta oro har hizkuntzen egoerek garrantzi handia daukate euskaldun hauentzat. Hori dela eta, dagoeneko antolatzen ari dira abuztuan burutuko den “Hizkuntza Gutxiengotuen” bilera. Horretaz gain, apirilean 6 hilabeteko mintegia hasiko da. Hiru zatitan egongo da banatua kurtsoko egitaraua: lehenengo bi hilabeteetan, Noe Fernandez Brizuela arduradun, Estetika musikala izango da gai nagusia. Bigarren zatian, Euskal Herriko historia-ri buruz mintzatuko da Asier Artola antropologo euskalduna; eta bukatzeko, azken bi hilabeteetan, Hizkuntza eta Literatura izango dira garatuko diren gaiak.
'Baietz' musika taldekideekin, eta 'Txotx'ekoekin eta jaio berria den 'Gaztetxoak' dantza taldeko artistekin argi dago musika ez dela isilduko Cordobako 'Gerora' Elkartean. Dantzarien entsegu eta aurkezpenak jarraituko dira, eta baita 'Baietz'-en kontzertuak ere.
'Sutondo' talde gastronomikoa ere abian jarriko da laster berriro. Hilean behin elkartuko dira "plater dastagarriak" prestatzeko. Zinemazaleek ere badute leku bat 'Gerora'-ren egitarauan. Martxoan zine-ziklo bat hasiko da.
Ikusten denez, lanpetuta ibiliko dira iaz sortu zen taldeko kideak. Hala ere, parrandara ateratzeko aukerak ez zaizkie faltatuko. Are gehiago, datozen egunetan Cordobako inauterietan parte hartzeko gonbitea jaso dute 'Gerora'-ko lagunek.
Bukatzeko, elkarteak EuskalKultura.com-eko aukera hau baliatu nahi du oroitarazteko aurtengo ekintzak, iazkoak bezala, Cordoba hiriburuko Uspallata kalean 115 zenbakian izango direla gehienbat.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus