euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxepare Institutuak erdaldunak ere euskaraz hitzegiten jarri nahi ditu 'Euskara Mundiala' kanpainarekin

2010/11/24

Etxepare Institutuko arduradunak kanpainaren aurkezpenean (argazkia Etxepare)
Etxepare Institutuko arduradunak kanpainaren aurkezpenean (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Euskaraz ez dakitenak ere hizkuntza honen enbaxadore egitea da Etxepare Institutuak atzo goizean Bilbon aurkeztu duen 'Euskara mundiala' kanpainaren helburua. Horretarako Euskaramundiala.net webgunean hainbat esaldi, esaera zahar eta aho korapilo jarri ditu eskuragarri eta bertan bisitariek hizkuntzarekin jokatu eta euren mezua grabatu ahal izango dute. Etxepare Institutuaren zuzendariak, Aizpea Goenagak, herritarren laguntza eskatu du kanpaina sarean hedatu eta mundu osoko euskaldun zein erdaldunei euskaraz lotsarik gabe egiteko gonbitea luzatzeko.

Bilbo, Bizkaia. Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak, Aizpea Goenagak, 'Euskara Mundiala' kanpaina aurkeztu zuen atzo Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egin den aurkezpenean. Kanpainak euskara atzerrian  ezagutaraztea du helburu, eta horretarako euskaraz hitzik entzun ez duten eta Euskal Herria non dagoen ere ez dakitenengana heltzea da asmoa. "Helburu ezohiko bezain ederra delako mundu osoko jendea euskara bezalako hizkuntza gutxitu bat hitz egiten jartzea, hitz gutxi batzuk esateko bada ere”, adierazi du Goenagak.

Medioa, noski, internet izango da, sare sozialen bitartez kanpaina munduko distantzia eta mugen gainetik zabaltzeko. “Muga asko hautsi ditu euskarak, mugen gainetik egingo du lan Etxepare Institutuak, eta aurrerantzean ere, gero eta muga gutxiago eta lagun gehiago izango ditu euskarak munduan”, esan du Aizpea Goenagak.

Entzun, esan, jolastu, ausartu

Kanpainan parte hartu nahi dutenek www.euskaramundiala.net webgunean aurkituko dituzte dozenaka esaldi entzungai, euskaraz: ohiko esamoldeak, esaera zaharrak, eguneroko esaldiak… Bakoitzak berea aukeratu, entzun eta webgunean bertan web kamerarekin grabatzeko aukera izango du. Euskaraz ez dakitenei ere ausartu eta euskarazko esalditxo bat grabatzeko gonbitea egiten die Institutuak, jokoa euskarara hurbiltzeko era dibertigarria izango delakoan.

Bakoitzak nahi duen mezua ere utz lezake, eta kasu honetan, euskaraz ez dakitenentzako itzulpen zerbitzu berezi bat ere eskaintzen du webguneak: esaldia idatzi eta bisitariak 24 ordutan jasoko du itzulpena, horixe bera euskaraz esan ahal izateko.

“Euskal herritar guztiak gara enbaxadore eta horregatik deia egin nahi diegu herritar guzti-guztiei: mundu osoko lagun eta ezagunak anima ditzatela euskaraz hitz batzuk esatera”, esan du Goenagak. Era berean, euskal etxeek, atzerrian dagoen euskal jendeak, Eusko Jaurlaritzako delegazioek eta bestelako erakundeekin parte hartzea espero duela adierazi du.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia