euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara irakasten Poloniako Unibertsitatean: 'Euskal kultur ekitaldi gehiago antolatzeko aukera izan nahi dugu'

2007/12/27

Ezkerretik eskubira, Aitor Arruza irakaslea, ikasle bat eta Lorea Bilbao Eusko Jaurlaritzako hizkuntz politika saileko aholkularia
Ezkerretik eskubira, Aitor Arruza irakaslea, ikasle bat eta Lorea Bilbao Eusko Jaurlaritzako hizkuntz politika saileko aholkularia

PUBLIZITATEA

Aitor Arruza bilbotarra Varsoviako Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakaslea da. Zazpi urte egin ditu abentura honetan eta orain, ikasleei euskal mundua ezagutzeko bidea eman nahian, euskal idazle eta artistekin ekitaldiak antolatzeko asmoa darabil buruan. Horietako lehenengoa, Kirmen Uribe idazleak eman zuen mintzaldia, arrakastatsua izan zen oso eta entzulegoak interes handiarekin jarraitu zuen, euskal kulturari buruzko galdera andana eginez.
Zazpi urte eman ditu jada Aitor Arruza bilbotarrak euskara irakasten Poloniako hiriburuan. Munduan zehar dabiltzan euskaldun asko bezala, maitasunak ekarri zuen Varsoviara, Bilbon ezagutu zuen neska baten atzetik. Orain neska hura, Ewa, emaztea du, eta euskara ogibide. 'Istorio luzea da, baina oso normala', azaltzen du Aitorrek. 'Duela hamar urte poloniar neska bat ezagutu nuen eta bera ikusteko hegazkin txartela erosteko euskera klaseak ematen hasi nintzen Bilbon. Ikasketak bukatu nituenean Polonian urtebete igarotzea erabaki nuen. Lana aurkitzen saiatu nintzen, eta Varsoviako Unibertsitatera jo nuen euskera klaseak emateko neure burua eskainiz. Filologiako Fakultatearen barruan dagoen Iberiar ikaskuntzen Institutuak baietz esan zuen eta duela zazpi urtetik hona bertan nabil euskera ematen'.

Klaseak Eusko Jaurlaritzak munduko hainbat unibertsitateekin lankidetzan sustatu dituen Euskara eta Euskal Kultura ikastaroen barne kokatzen dira. Varsoviako Unibertsitatean bi maila ematen dituzte eta ikasle gehienak filologoak dira. 'Euskarak daukan kutsu misteriotsua gustatzen zaie', aipatzen du Arruzak. 'Beste batzuk Kortatu eta Fermin Muguruza ezagutzen dituztelako etortzen dira. Kortatu talde mitikoa da Polonian, 80. hamarkadan Poloniara etorri zen talde bakarrenetarikoa izan zelako'. Azkenik, euskal egoera politikoa ezagutu nahi dutenak daude, Zuzenbidea edo Nazioarteko Harremanetako ikasleak.

'Berria'ren irakurle poloniarrak

Euskara klaseetan gramatika irakasten da gehienbat, baina 'euskara entzun eta hitz egin dezaten saiatzen naiz', adierazten du Arruzak. 'Horretarako binaka egiteko ariketa ugari prestatzen ditugu. Behin gramatikako oinarriak ezarrita 'Berria' egunkariko berri txikiak irakurtzen ditugu eta entzungai laburrak ere entzuten ditugu'.

Euskara klaseez gain, ikastaroan euskal kulturaren arlo desberdinak ezagutu ditzakete ikasleek. 'Oso ezezaguna da guztientzako eta beraz oso exotikoa. Kirola, dantzak, musika eta ohiturei buruz hitzegiten dugunean, edota zerbait erakusten diedanean guztiz flipatuta geratzen dira', aipatzen du irakasle bilbotarrak.

Euskal Herria Martitzen

Polonian euskara irakasteak duen arazo nagusia ikasleak euskal kulturarekin kontaktuan jartzea izaten da, Arruzaren esanetan. 'Beraien lotura bakarra ni izaten naiz. Euskal Herria beraientzat Martitzen dago eta ni naiz Lurrean euskaraz hitzegiten duen pertsona bakarra. Tamalez orain arte ez dugu ikasleak Euskal Herrira eramateko aukerarik izan, ez baitago bekarik beraientzako. Espero dut Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetan Etxepare Institutua abian jartzen duenean atzerriko ikasleentzako beka sistemaren bat aurrikustea'.

Arruzak euskal idazle, musikari eta artistekin ekitaldiak antolatzeko gogoa agertu du, ikasleei Euskal Herriaren zati bat inguratu nahiean. Hilabete honetan bertan egin du lehen saiakera, Kirmen Uribe poetak eskaini zuen irakurraldi batekin eta harrera bikaina izan zen. 'Kirmen Varsoviako Unibertsitatean izan genuen irakurraldi bat egiten eta itzela izan zen. Gela bete-beteta izan genuen eta ikasle guztiak aho zabalik geratu ziren Kirmenen irakurtzeko erarekin eta poesiekin'.

Euskal idazle eta musikariei gonbitea

Ekitaldian ikasleak integratzeko asmoz, lehenik Uribek euskaraz irakurtzen zuen poema bakoitza eta ondoren ikasle batek irakurtzen zuen polonierara Arruzak eta bere emazteak eginiko itzulpena. 'Ekitaldiak ordubete soilik iraun zuen, oso azkar pasa zen eta orain ikasleek galdera piloa egiten didate Kirmenen lanari buruz. Gehien gustatu zitzaien poema 'Gerran hildako Hitzak' izan zen, alde erreibindikatibo bat duelako eta euskararenganako xamurtasun eta maitasun handia erakusten duelako dramatizatu gabe'.

Uribe Varsoviako Cervantes Institutuan irakurraldia eskaintzeko etorri zen Poloniara, eta Krakovian eta Varsovian egin zituen emanaldiak. 'Espero dut hurrengo batean nik ekarri ahal izatea, Mikel Urdangarin eta “Zaharregia, txikiegia agian” osatzen duten beste guztiekin', aipatzen du Arruzak datozen hilabeteetan euskal artistekin ekitaldi berriak antolatzeko asmoan sakonduz. Datozen egunetan, baina, Euskal Herrira hurbilduko da Arruza, Gabonak familiarekin pasatzeko eta 'ikasleentzako gutxienez Uriberen bi liburu erosteko enkarguarekin'.


Lotura interesgarriak

Poloniar ikasleak euskara hobetzen Zeberion
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 8an

30 unibertsitate berrik eskatu dituzte euskara ikastaroak
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrilaren 27an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia