euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bi zati izango ditu aurten Gaztemunduk: ikastaroa eta, nahi duenarentzat, bi asteko barnetegia

2012/06/08

Gaztemundu 2011ko partehartzaile batzuk Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarrean
Gaztemundu 2011ko partehartzaile batzuk Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarrean

PUBLIZITATEA

Diasporako euskal etxeetako gazteek ekainaren 30a arte dute epea aurtengo Gaztemundu trebakuntza bekarako eskabideak aurkezteko, baina gogoan izan aurten programa berezia izango dela, gai nagusia euskara irakaskuntza izango baita. Hortaz, adin muga altxatu egin da eta euskal etxeetan euskara irakasle diren edo izango direnek 18 urtetik gorakoek baliatu ahalko dute edizio honetako trebakuntza. Euskal etxeek eskatu zuten 2011ko Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarrean euskarari tarte berezia eskaintzea Gaztemundun, euskara irakaskuntza "euskal etxeetan dagoen jarduerarik sendoena" dela esanez. Ikastaroa irailaren 3an abiatuko da.

Donostia-San Sebastián. Gaztemundu trebakuntza programak egitura berezia izango du aurten, iazko Mundu-Batzarrean euskal etxeek eta federazioek egin eskariei erantzunez. Batzarrean euskal etxeek hurrengo lau urtekoan Gaztemundun jorratu nahi dituzten gaiak zerrendaratu zituzten, eta zerrenda horretan lehena euskararen irakaskuntza zen.

Eskari horri erantzunez, aurtengo Gaztemundu euskara irakasleei zuzendua da. Ikastaroaren asmoa irakasle hauek trebatzea da, baina talde honen behar eta ezaugarri bereziak kontuan hartuta. "Ez da nahikoa euskara jakitea eta, hala ere, askok oraindik euskalduntzean aurrera egin beharra daukate. Aurrean duten erronka ez da makala", agertu dio EuskalKultura.com-i Euskara Munduan programaren koordinatzaile Kinku Zinkunegik. Gainera, exijentzia maila handia da, izan ere "hartzaileek, ikasleek, argi daukate zer nahi duten eta motibazio eta premiak oso ugariak dira".

Neurrira egindako trajea

Hortaz, aurtengo Gaztemunduren helburuetako bat izango da eskari desberdin horiei erantzuteko gutxieneko tresnak garatzea. "Helburua, ahalik eta neurrikoen trajea egitea litzateke, eskolak bai aurrez aurre eskaintzeko, bai urrutitik eskaintzeko. Herrialde askotan ikasleak oso sakabanatuta daude eta hori arazo handia da euskal etxeetako taldeetan astean behin edo bitan aritzeko", dio Zinkunegik.

Horrez gain, euskal etxeetako euskara irakaskuntzaren premiei buruzko hausnarketa ere egingo da, HABEko teknikariaren esanetan. "Eskaerak badaude, taldeak osatzen dituzte baina gero eguneroko asistentziak huts egiten du, seguru asko ikaslearen espektatibak betetzen ez ditugulako. Uste dut hausnarketa sakon bat egin behar dela gai honen inguruan eta hori ere planteatuko dugu Gaztemundun".

Ikastaroa eta barnetegia

Ikastaroak egitura berezia izango du aurten. Lehen zatian, irakaskuntza izango da ardatza eta trebakuntza jasoko dute ikasleek: metodologia, didaktika, baliabideak, esperientzia-trukaketa, praktikak… Zati hau irailaren 3tik 14ra izango da.

Bigarren zatian, nahi dutenek bi asteko barnetegia egiteko aukera izango dute, euskara maila mantentzeko edo hobetzeko. "Batzuk euskalduntzen ari dira eta prozesu guztia beren herrialdetan egin dute, inoiz Euskal Herrira etorri gabe. Horientzat, benetan pizgarria izango dela iruditzen zait. Beste batzuk, berriz, bere garaian goi-mailara ailegatu ziren (EGA ere badu zenbaitek) eta bukatutzat eman zen haien euskalduntze-prozesua. Horientzat, berreskuratzea da helburua, freskatzea, bere garaian lorturiko maila berreskuratzea", azaldu du HABEko teknikariak.

-Gaztemundu 2012ren deialdiaren ebazpena eta inprimakiak, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia