Montevideo, Uruguai. Udako etenaldiaren ondoren, hasiak dira dagoeneko martxoaren bigarren astean Uruguaiko euskal etxeetako FIVU (Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioa) koordinatzaile dituzten euskara klaseak. Etxepare Euskal Institutuak “Euskara Munduan” programa medio babesten dituen ikastaroak dira eta lau irakaslek ematen dituzte Uruguain, astelehenetik larunbatera Montevideo hiriburuan zein herrialde barnealdean.
Ikastarook lau euskal etxetan ematen dira: Montevideoko “Euskaro” eta “Haize Hegoa”n, San Jose de Mayo-ko “San Joseko Euskaldunak Taldea”n eta Carmeloko “Ibai Ondoko Etxea”n. Aurten ikasleek aurrez aurreko eskolak edo eskola birtualak jaso, hautatu ahal izango dute. Horrela, ikastaroak ematen diren euskal etxeetatik urrun bizi diren interesatuek euskara klaseak jasotzeko aukera dute, eskolen irismena herrialde osoraino heldurik.
FIVUko Mariel Fernández Artasánchez-ek Euskalkultura.eus-i azaldu dionez, aurten izena eman duten ikasleen kopurua mantendu egin da aurreko urteekin alderatuta, baina oraindik gora egin dezake, martxo osoan zehar zabalik segituko baitu izena emateko aukerak. Klaseak doakoak dira eta izena emateko eta ikastaroen egun eta ordutegiei buruzko informazioa eskuratzeko idatzi clasesdeeuskera@gmail.com helbidera.