euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara ikasten skype bidez: Mintzanet egitasmoak urteko bidelari eta bidelagun onena saritu zituen

2015/02/20

II. Mintzanet Sarien irabazleak, Mariaje Barandiaran, bidelagun onena, eta Raúl Alfaro, bidelari onena (argazkia Mintzanet)
II. Mintzanet Sarien irabazleak, Mariaje Barandiaran, bidelagun onena, eta Raúl Alfaro, bidelari onena (argazkia Mintzanet)

PUBLIZITATEA

Atzo banatu ziren Donostian II. Mintzanet Sariak, euskara internet bidez ikasten eta praktikatzen laguntzen ari diren partaideen artean. Mariaje Barandiaranek jaso zuen saria Bidelagun onenari (praktikatu nahi dutenekin hitz egiten duen euskalduna da bidelaguna) eta Raul Alfarok Bidelari onenarena (hau da, skype bitartez hitz eginez euskara ikasten dabilena). Egitasmoak Diasporako euskaldunen partehartze handia du.

Donostia-San Sebastian. Donostiako Camino Doktorearen liburutegian banatu ziren atzo II. Mintzanet Sariak. Bertan, urtean zehar euskara internet bidez praktikatzen eta ikasten laguntzen biziki ahalegindu diren bi erabiltzaile aintzat hartu zituzten. Batetik, Mariaje Barandiaranek jaso zuen "Bidelagun" onenaren saria. Mariajek euskaraz ederki daki, eta sarri ibili da aurten internet bidez hizkuntza praktikatu nahi dutenei laguntzen, eurekin solasean. Bestetik, Raúl Alfarok hartu zuen "Bidelari" onenari saria; bera euskara praktikatzen ari da internet bidez eta bikain probestu du Mintzanet-ek ematen dion aukera.

Sari banaketara bildu ziren proiektua babesten duten erakunde eta elkarteetako hainbat ordezkari, besteak beste, Zigor Etxeburua (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria), Joseba Erkizia (HABEko zuzendaria), Aizpea Goenaga (Etxepare Institutuko zuzendaria), Nerea Txapartegi (Donostiako Udaleko Euskara Zuzendaria), Jon Zarate (EHUko euskararen errektoreordea), Arrate Illaro (Topaguneko ordezkaria), Marian Astigarraga (AEKren Gipuzkoako koordinatzailea) eta Aitziber Gurutzeaga (Bagera elkarteko arduraduna).

Diasporako euskaldun asko

Ekitaldian, Maramara* taldeko zuzendari Ritxi Lizartzak Mintzanet egitasmoa azaldu zuen: “Iaz, 2.552 saio sortu genituen, 550 pertsonak eman dute izena eta uneotan 250-275 inguruk parte hartzen dute. Beraz, bide arrakastatsua daramagula esan genezake”. Gainera, partehartzaile horietako %20a Diasporako euskaldunak omen dira.

Proiektuan parte hartu nahi izanez gero, oso erraza da izena-ematea. Jo Mintzanet webguneko atal honetara, eta aukeratu bidelari (ikasle) edo bidelagun (laguntzaile) izan nahi duzun, bete datuak eta kitto! Mintzanetek partaide batekin harremanetan jarriko zaitu. Dena den, edozein zalantza argitzeko, idatzi info@mintzanet.net helbidera edo deitu 943 504 206 telefonora.

Mugak gaindituz

Mintzanet-eko arduradunen esanetan, egitasmoak euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzeaz aparte, bestelako ondorio positiboak ere baditu: muga fisikoak gainditzea, toki desberdinetako euskaldunak batuz eta euskaldun gutxi dauden lekuetan euskara praktikatzeko aukera emanez.

Ikusi bideo honetan Mariaje Barandiaren aurtengo saridunak esperientziari buruz zer dioen: 



Komentarioak

  • Alberto

    eskerrik asko

    Gauza bera, 2015/02/22 12:12

  • Eskerrik asko

    Enekien bate halakorik bezegoenik. Badaukat nori gomendatu eta bidali artikulua. Eskerrik asko

    Maria, 2015/02/21 17:14

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia