Donostia, Euskal Herria. Jalgi Hadi Mundura (JHM) 2020an Covid konfinamendu garaian sortutako elkarte birtuala da, Mintzaneteko kide talde batek abiatua. Elkartea asmo jakin batekin jaio zen: euskara ikasten ari zirenei edota hizkuntza praktikatu nahi zutenei mintzatzeko tarte bat eskaintzea. Lau urte pasa eta gero, itxialdiaren garaian elkartzeko forma bakarra izan zen hura aukera paregabea bihurtu da Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunentzat. JHMk antolatzen dituen mintza saio birtualek bere horretan jarraitzen dute gertatzen larunbatero, Euskal Herriko iluntzeko 7etan.
Mintzaneteko saioak ez bezala –euskararen mintzamena eta ahozko praktika online bultzatzen duen programa da Mintzanet– JHMren saioak taldean egiten dira, ez binaka. Distantzia gaindituta, munduko edozein tokitatik konekta daitezke solaskideak. Bileretan kideek berek proposatzen dituzte gaiak eta horien inguruan hitz egiten dute. “Saioak ez dira klaseak; kideek maila ezberdinak dituzte eta bakoitzak dituen tresnekin hitz egiten du. Gaur egun argentinarrak, txiletarrak eta Espainia aldean dauden euskal herritarrak sartzen dira bileretara”, azaldu dute elkartetik.
Saio birtualak ekintza nagusia bada ere, ez dira bakarra. Hiru urte hauetan aurrez aurre ere elkarrretaratu izan dira kideak: Euskal Herrian dauden kideak euskararen aldeko festatan, taldeko bazkariak eginez, mendi-irteerak… Horrez gain, lehen urteurrenean, talde-bideo bat egin zuten; bigarrenean egutegi bat eta hirugarrenean Hitzetatik Harago liburua argitaratu zuten.
Parte hartu nahi dutenek elkartearekin jarri behar dute kontaktuan.
- Facebook: https://www.facebook.com/jalgihadimundura
- Instagram: https://www.instagram.com/jalgihadimundura/
- Twitter/ X: https://x.com/jalgi_hadi
- Helbide elektronikoa: jalgihadimundura@gmail.com
Blog bat ere badu: https://jalgihadimundura.blogspot.com.
Animatu eta hasi euskaraz mintzatzen munduko beste euskaldun batzuekin!