euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara arrakastatsu Naxeran; aurten bigarren kurtsoa antolatu du Errioxako kultur talde batek

2014/07/23

Najerako euskaltzale taldea Euskara Munduan programako teknikari Kinku Zinkunegirekin
Najerako euskaltzale taldea Euskara Munduan programako teknikari Kinku Zinkunegirekin

PUBLIZITATEA

Iaz 20 bat ikasle izan ziren, eta aurtengo ikastarorako horiek eta beste askok interesa agertu dute dagoeneko. Euskararekiko jakinminak kultur mugimendu polit bat sortu du Errioxako Naxera herrian eta iaz harrera oso ona izan zuen bertako talde batek antolatu zuen ikastaroak. Taldeak Logroñoko Laminiturri Euskal Etxearen babesa du eta aurten HABEren Euskara Munduan programaren baitan emango dira eskolak. Ikastaroa urrian abiatuko da. Interesa baduzu, hau da izena emateko unea!

Naxera, Espainia. Aurten euskara ikastaroa egingo da berriz ere Naxeran, bertako euskaltzale talde  batek eta Logroñoko Laminiturri Euskal Etxeak antolatuta. Interesa sortu da herrian eta ikasle kopuruak iazko hogei lagunak aisa gaindituko dituela uste dute antolatzaileek (gogoratu Naxera, historikoki, Nafarroako Erresumako parte eta parte garrantzitsu izan zela, nahiz eta gaur egun Errioxa izeneko Autonomi Erkidegoko parte den politikoki, Euskal Herriarekin muga eginez, beraz, Arabako Errioxa eskualdearekin hain zuzen].

"Naxera Arabar Errioxatik oso gertu dago, harreman handia dugu, eta betidanik izan da interesa euskal kultura eta euskarari buruz", agertu dio EuskalKultura.com Guzmán Arenzana ikastaroaren sustatzailetako batek. "Orain egoera normaltzen hasi denez errazagoa da horrelako jarduerak antolatzea", gehitu du. 

Iaz, aspaldiko ametsa betez, Arenzana eta Naxera bailarako lagun talde batek ikastaroa antolatzea erabaki zuten. Arenzana Logroñoko Laminiturri kultur elkartearekin harremanetan jarri zen eta haien bidez Iñaki irakaslea "fitxatu" zuten. "Bakarka metodoa inprimatu eta horrekin hasi genituen klaseak", azaldu digu Maite Garai elgoibartarrak. Ikastaroa Rey Don García institutuak utzitako gela batean eman zuten.

Ikasleen profila oso zabala izan zen iaz, Garairen esanetan: gazteenak 16 urte eta nagusienak 60 bat; batzuk euskal jatorridunak eta beste batzuk bertako errioxarrak. Arenzanak gehitu duenez, bailarako herrietatik klasera etortzeko ahalegina egin dute askok urte osoan zehar.

Aurten irakasle bila

Interes hori ikusita, Laminiturrik aurten HABEren babesa lortu du eta "Euskara Munduan" programaren baitan egingo dira klaseak. HABEk ikastarorako materiala helarazi die dagoeneko, eta urtean zehar laguntza ekonomikoaz gain, irakaslearentzat trebakuntza ere eskainiko du. Une hauetan elkartea irakasle bila dabil eta klaseak emateko eta kultur ekitaldiak antolatzeko gela bat eskuratu nahian dabiltza. 

Ikastaroan izena eman nahi duzu? Bidali e-maila hona: naiara@laminiturri.org.

Horrez gain, Laminiturrik Logroñon ere ematen ditu euskara klaseak. Izena emateko deitu elkartera (945 60 10 87) edo idatzi e-maila Naiari (naiara@laminiturri.org).

Informazio gehiago, hemen.



Komentarioak

  • Naiara

    Kaixo, Errioxako "Nájera" herriaren euskarazko izena "Naiara" zela ikasi nuen nik (euskarazko Wikipediak ere "Naiara" hitza erabiltzen du herri hau izendatzeko) baina zuek "Naxera" darabiltzue. Ba al dakizue Naiara/Naxera/Naxara zein aldaera hobesten den euskaraz? Eta zergatik? Eskerrik asko, Aitzol Azurtza New York, NY, AEB.

    Aitzol Azurtza, 2014/07/31 14:14

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia