euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara, euskal abesbatza, euskal pilota, futbola eta hockey aurten ere La Platako 'Euzko Etxea'n

2011/03/11

'Euzko Etxea' Euskal Etxean garatzen diren ekintza batzuk
'Euzko Etxea' Euskal Etxean garatzen diren ekintza batzuk

PUBLIZITATEA

Hirurogeita lau urte daramatza 'Euzko Etxea' Euskal Etxeak Euskal Herriko kultura zabaltzen Buenos Aires probintziako hiriburuan. Etxeko kide eta agintarien lanari esker, gaur egun mota askotako interes eta zaletasunak dituzten hainbat lagunen eskaera betetzen du euskal erakundeak. Helburu horri eutsiz, martxoan zehar 'Euzko Etxea'n garatzen diren ekintza guztiak hasiz joango dira elkarteko irakasleen eskutik.

La Plata, Argentina. Euskara klaseak euskal etxeen aktibitate preziatuenetako bat da, zalantzarik gabe. 'Argentinan euskaraz' programaren bidez trebatu diren hainbat ikasle, orain irakasle aritzen dira Argentinako ikasgeletan. Eta hori da La Platako kasua. Izan ere, datorren martxoaren 16an hasiko dira euskara eskolak Maria Emilia Cairo, Maria Laura Galarraga eta Eugenia Hourçouripe arduradun. Ikastaroak helduei daude zuzenduta, oinarrizko edukiak dituzten baita lehenengo urratsetik hasi behar dutenei ere.

Euskara, berriz, ez da klaseetan bakarrik entzuten La Platako euskal erakundean. Etxeko abesbatzak Pirinioetako abesti tradizionalak ere egiten ditu bere aurkezpenetan. Evangelina Bertolaren zuzendaritzapean, koruaren entseguak martxoaren 9an hasi dira helduentzat eta apirilaren 6an txikientzat. Ahots berriak gehitzeko deialdiak irekita dagoela jakinarazten digute erakundetik. Probak asteazkenetan egingo dira, iluntzeko 6etan (txikiak) eta 7:30etan (helduak).

Pilota, futbola, hockey...

Kirolari dagokionez, euskal pilotak leku berezia du 'Euzko Etxea'n. Egoitzako frontoian txiki, gazte eta helduek beren trebetasuna erakutsi ahal izango dute Joaquin Clua irakaslearen eskutik. Klaseak larunbatetan izango dira, goizez eta arratsaldez.

Duela hiru urte sortu zen La Platako 'Athletic Club de Bilbao' eskolako ekintzak ere hile honetan hasiko dira. 6 eta 12 urte arteko umeek eman dezakete izena futbolean jokatzeko Alejandro Barbosa irakaslearekin. Bukatzeko, neskentzat ere badago proposamen polit bat. Emakumezkoen Hockey Eskolak euskal etxeko taldean sartzeko deialdia luzatzen die sei urte gorako gazteei.

Informazio gehiago jaso edo ekintzetan parte hartzeko izena eman nahi izanez gero, jo Euskal Etxeko Idazkaritzara, hiriko 14 eta 58 kaleetan,  edo 457-1638 telefonora, arratsaldeko bostetatik bederatziak bitartean.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia