euskal diaspora eta kultura
2013/11/12
PUBLIZITATEA
Godella, Espainia. "Estellés Euskaraz" antologiaren aurkezpena Godellako Capitoli Antzokian egin zen iragan igandean, besteak beste Euskaltzaleok euskal etxea tarteko zela. "Ekitaldia jendetsua izan zen hain ospakizun berezia izateko; badakigu kultura eta literatura gertakariak, gainera euskaraz, Mediterraneoaren bihotzean nahiko minoritarioak izan daitezkela. Kasu honetan, berriz, ehun pertsona baino gehiago bildu ziren/ginen", agertu du Dabid Gonzalez euskal etxeko kideak.
Gonzalezek eta Gemma Sangines bazkideek ekarpen zuzena egin zioten aurkezpenari; izan ere, beraiek irakurri zituzten liburuan euskarara itzuli berri diren poema horietako batzuk. "Hasieratik amaierara ekitaldi hunkigarria izan zen, Estellésen idatziak sentimenduz betetako hitzak baitira", azaldu du Dabidek. "Aurkezpenean zehar euskara eta valentziera modu polit batean nahastu ziren. Olerkariak, idazleak, euskaltzaleok, musikariak eta abeslariak; denok Estellesen bertsoak ahotan hartu eta airean zabaldu genituen; gehienak katalanez, gutxi batzuk euskaraz".
Ezinbestekoa euskal literaturarentzat
Bertan izan zen ere olerkiak euskaratu dituen Gerardo Markuleta itzultzaile eta idazlea. "Ezinbestekoa zen Estelles euskaratzea gure literaturarentzat, ez baitugu egunerokotasuna, sexualitatea eta gerra zibila bezalako gaiak horrela aztertzen dituen poesiarik. Estellés itzultzeak euskaraz horrela sekula adierazi ez diren gauzak idaztera behartu nau", esan zuen Markuletak aurkezpenaren ostean eginiko adierazpenetan.
Hamar urte behar izan dira Vicent Andrés Estellés euskaratzeko ametsa betetzeko. Egitasmoko sustatzaileak Héctor Arnau poeta, Luis Carmona eta lan honen editorea, Paco Inclán, izan dira, Burjassot eta Godellako udalen eta Vicent Andrés Estellés fundazioaren elkarlanarekin. "Aurkezpena hizkuntzen festa izan da, Estellesen bertsoak bitartekari", azaldu zuen Inclánek. Valentziera-euskara argitalpen elebiduna "buru osasun ariketa kolektiboa" zela gehitu zuen, "behar-beharrezkoa azken urteetan hainbeste bidegabekeria jasan dituen gizarte valentziarrarentzat".
"Bi orduko saioan Valentziako jendeak eta hara bildu ginen euskaldunok biziki gozatu genuen ikuskizun elebidun honekin. Bertako lagun batzuentzat, euskara entzuten zuten lehen aldia bertso ikaragarri hauen bidez izan zen", azaldu dio Dabid Gonzalezek Euskalkultura.com-i.
Antologia Durangoko Azokan aurkeztuko dute abenduan.
-Liburuari buruzko informazio gehiago, hemen
-Aurkezpenari buruzko informazio gehiago, Godellako Udalaren webgunean
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus