euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara, musika eta komunitateari begirako proiektuak berriro abian San Nicolaseko Euskal Etxean

2012/03/01

Valeria Magliocchettik musika jartzen die euskal dantzei
Valeria Magliocchettik musika jartzen die euskal dantzei

PUBLIZITATEA

Martxo hasierarekin batera jarriko ditu berriro abian San Nicolas hiri argentinarreko euskal etxeak komunitateari luzatzen dizkion kultur proposamenak. Natalia Hormazabal bertoko irakasleak izango du 2012ko euskara klaseak emateko ardura eta Valeria Magliocchetti musikariaren ardurapean garatuko dira musika eta dantza eskolak. Muslariek ere izango dituzte euren topaketak eta baita abeslariek ere. Horretaz gain, urtean osoan zehar euskal etxeak bultzatzen dituen gizarte laguntza arloko proiektuak burutuko dira, tartean 'Etxe Nasaia', 'Irakurriz Hazi', 'Ume Jolasak', 'Diasporaren Herri Kirolak' eta 'Euskal Sentimendua Zabaltzen' izenekoak. Euskal Etxeak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, datorren urriaren 25ean 'Etxe Nasaia' programaren edizio erraldoi bat egingo dute, mila bat haur partaide.

San Nicolas, Argentina. Argentinako euskal etxeak 2012ko ordutegiak zehaztuz doaz eta euren kide eta lagunak gonbidatzen hasiak dira 2012 ikasurte berriko hainbat ekintzatan parte hartzera. Halaxe egin berri du San Nicolaseko Euskal Etxeak, honako eskaintza eta xehetasunen arabera:

Ikastaro eta tailerrei dagokienez, San Nicolaseko euskara klaseak asteazkenetan izango dira, Natalia Hormazabal irakaslearekin, iluntzeko 8etatik 10etara. Lehenengo klasea, datorren asteazkenean, martxoaren 7an, izango da.

Musika eta dantzak Valeria Magliocchettiren esku egongo dira. Txistu, dantza eta txalaparta eskolak hilabete bakoitzeko bigarren eta laugarren larunbatetan izango dira, arratsaldeko 4etan. Lehenengo elkarretaratzea martxoaren 10ean izango da.

Muslari eta karta-zaleentzat, hitzordua hamabost egunean behin izango da, ostiraletan. Argentinako “truco”an eta euskaldunen musean arituko dira, iluntzeko 8:30tik aurrera. Abesbatza ere hasiko da laster, baina ordutegia ez da oraindik zehaztu.

Gizarte laguntzaren arloko proiektuak

2001. urteko Argentinako krisialdiari aurre egiteko asmoarekin jaio zen 'Etxe Nasaia' proiektua eta denborarekin San Nicolaseko Euskal Etxea-ren egitarauan finkatu zen. Proposamenaren baitan, lehenengo mailako eskolako umeak joaten dira euskal etxera, eta bertan bazkaria partekatzeaz aparte, Euskal Herriaren berri ematen diete euskal etxeko arduradunek.

Aurten, 'Etxe Nasaia'ren bisitak hilabete bakoitzeko laugarren asteazkenetan izango dira, eta 4. urratseko neska-mutilek hartuko dute parte. Urriaren 25ean, berriz, 'Etxe Nasaia'ren edizio erraldoia burutuko da berrogei eskoletako 4. urratseko ikasleekin. Antolatzaileek azaldu helburuen arabera, mila bat ume bilduko dira. Topaketa, herriko Mitre Plazan izango da, goizeko 9etatik 12etara

'Irakurriz Hazi' herriko eskoletako ikasleei zuzendutako beste proiektu bat da, baina kasu honetan ume apur bat helduagoentzat. Euskal Herriko kultura zabalduko dira eduki horretako testu eta liburuak partekatzen. Elkarretaratzeak hilabete bakoitzeko bigarren asteazkenetan izango dira, goizeko 9etatik 12etara, eta 9. urratseko ikasleak gonbidatuko dira.

'Ume Jolasak' delako proposamena haur eskoletako bost urteko haurrentzat dago pentsatuta eta jolasak gailenduko dituzte. Ekintza hilean bitan egingo da.

'Diasporaren Herri Kirolak' ekimena 2007an gauzatu zen lehendabizikoz, haur partaideei Euskal Herriko herri kirolak ezagutzera emateko. Sei urte pasa eta gero, proposamenak ez du batere interesik galdu eta aurten ere Lihue Quimlu-ren instalazioetan egingo da. Kirol ekintzei dagokienez, honako herri-jokoak eskainiko dira: lokotx lasterketa, zaku lasterketa, txinga erutea eta sokatira. 2012an zehar hiru topaketa egingo dira.

'Euskal Sentimendua Zabaltzen' proiektuak bigarren mailako eskoletako ikasleak Euskal Herriko musikara hurbiltzea du helburu nagusi. Tailerretan, dantza egiten, txistu eta txalaparta jotzen eta abesten ikasiko dute partaideek. Hilabetero lau klase egingo dira.

Bukatzeko, euskal etxekoek jakinarazten digute martxoaren 5ean Matxitxako-ko bataila gogoratuko dela euskal etxean, eta zeremonian argazki erakusketa bat inauguratuko dela. Hitzordua datorren astelehenerako finkatu da, iluntzeko 8:30etan. Horretaz gain, euskal erakundeko arduradunek azpimarratu dute etxeak antolatzen dituen ekintzok doakoak direla, esan nahi baita parte hartzeko ez dela bazkide izan behar, eta euren egoitzan burutuko direla, Belgrano kaleko 139. zenbakian.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia