San Frantzisko, AEB. San Frantziskotik, NABOko euskara teknikari Aitor Iñarra zuzendu zaigu, Estatu Batuetan euskara eta euskal kultura irakasle bila dabiltzala iragartzeko. Izan ere, Estatu Batuetako eta Kanadako euskal etxeen bilgarri den NABOk (North American Basque Organization) euskara irakasle aukerak ireki berri ditu, unibertsitate mailan eta euskal etxeetan ere euskara eta euskal kultura irakasteko aukerak zabalduz.
Eskatzen dituzten gutxieneko baldintzak honakoak dira: goi mailako titulua euskaraz ikasitakoa (ikasketak beste hizkuntzatan eginak dituzten euskal hiztunak ere onartuko dira); unibertsitate masterra unibertsitateko posturako; ingeleseko maila ertaina, komunikatzeko adina.
Interesatuek, email labur bat bidali beharko dute euren burua aurkeztuz eta kurrikulumarekin helbide honetara: naboeuskara@gmail.com.
Eskaerak maiatzaren 25era arte jasoko dira (datorren asteko larunbata).