euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara eta erritmo latinoamerikarrak bateginik Habanan TikTara zarauztarrekin 'Jazz Plaza' Nazioarteko jaialdian

2025/02/19

Euskal Herriko TikTara Taldea Habanako 2025eko 'Jazz Plazan' Nazioarteko Jaialdian
Euskal Herriko TikTara Taldea Habanako 2025eko 'Jazz Plazan' Nazioarteko Jaialdian

PUBLIZITATEA

Habana, Kuba. Jaialdia urtarrilaren 26tik otsailaren 2ra arte luzatu zen eta TikTarako lagunek bi agertoki ezberdinetan jo zuten: Jardines del Mella izenekoan eta Pabellón Cuba-n. Baina Kubara abiatu aurretik, Habanako beste lokal batean jotzeko aukera ere eskaini zieten, "Balcón Cero izenekoan", "beraz guztira hiru emanaldi jorratu ahal izan ditugu. Eta jaialdian programatuta zeuden maila izugarrizko kontzertuak ikusteko aukera ere izan dugu… Esperientzia bikaina izan da, benetan!”, aitortu diote taldekideek EuskalKultura.eus-i.

Benetako ametsa da erritmo latinoamerikarrak lagun taularatzen den talde batentzat Kuba bezalako eta honakoa bezalako jaialdi batean parte hartzea. Eskarmentu baliotsuaren ostean, aurrera egin nahi dute bide horretatik eta kontinenteko beste herrialde eta jaialdi batzuetan jo nahi lukete, eta horretan ari dira, zenbait deialditara aurkezten, bidaiatzeko dirulaguntzak lortze aldera. “Momentuz erantzunik ez dugu, baina itxaropena ez dugu galtzen…”, aitortzen dute.

TikTararen bariazioak Habanako Jazz Plaza Jaialdian

2010ean Zarautzen sortutako TikTara taldea hasieratik egin zen ezaguna sustrai latinoko kantak euskaraz abesteagatik. Urteen poderioz, latinoamerikar erritmo eta estiloekin taldeak zeukan harremana haratago eraman, eta azken lan diskografikoak euskal diasporari lotutako gaiak ere landu ditu: 2024an argitaratutako ‘Ubera’ diskoko kantek, Latinoamerikara joan ziren euskaldunez hitz egiten dute. Eta material hau izan zen ‘aurkezpen gutuna’ taldeak Habanako ‘Jazz Plaza’ Nazioarteko Jaialdian jotzeko gonbitea jasotzerako.

“Habanara etortzeko aukera iaz suertatu zitzaigun”, jakinarazi digute musikariek. “Taldeko abeslaria den Harkaitz Bastarrikak iaz jaialdi honetan bertan jo zuen, Aldapeko Latin Jazz taldearekin, eta pasatu ahal izan zien antolatzaileei TikTararen berri eta taldearen bideoak eta musika erakutsi ondoren iritsi zen aurten jaialdian parte hartzeko gonbidapena”, azaldu dute.

TikTara proiektuko musikariak Ander Zulaika eta Iñigo Egia (bateria eta perkusioa), Amaia Ureta (pianoa), Aritz Luzuriaga (baxua), José Gallardo (saxo), Beñat Isasti (tronpeta), eta Harkaitz Bastarrika (ahotsa) dira.

TikTara sareetan:
- Facebook, TikTara
- Instagram, tiktara_
- Youtube, TikTara Taldea
- Weborria, tiktara.com



Komentarioak

  • Informazioa gehitzea

    TikTara taldeko partaideak zuzenak dira, baina Habanara etxekoak ere diren beste bi musikari aritu ziren: Rakel Arbeloa baterian eta Joseba Gallego kongetan.

    Aritz (Donostia), 2025/02/20 22:37

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia