euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara eskolei dantza gehituko die Zuzendaritza berritu berria duen San Joseko euskal etxe uruguaitarrak

2011/12/27

'San Joseko euskaldunak taldea' euskal etxeko euskara ikasleak eta irakaslea
'San Joseko euskaldunak taldea' euskal etxeko euskara ikasleak eta irakaslea

PUBLIZITATEA

Sylvia Arosteguy eta Juan Licio, lehendakari eta lehendakariorde legez, hurrenez hurren, dira 'San Joseko Euskaldunak Taldea' (sic) euskal etxeko Zuzendaritza Batzordeko buru berriak Uruguaiko San Jose departamentuko izen bereko hiriburuan. Elkarteak 2009ko abuztuan eman zituen lehenengo pausoak eta 2010ko abenduan jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren aldetik ofizialtasuna. Amaitzen ari den urte honetan euskara eskolak eskaini ditu urte osoan zehar horretarako Montevideotik astean behin propio etorri den Andrea Bella irakaslearen eskutik. 2012ari begira, euskal dantzak ematen hasi nahi du, Andrea Bella bera irakasle, eskaintza euskal jatorrikoei baina oro har San Joseko herritar guztiei ere zabaltzen dielarik.

San Jose, Uruguai. Euskal kultura hedatzeko asmoarekin jaio zen 2009an 'San Joseko Euskaldunak Taldea' eta helburu horri eutsi diote erakundeko arduradunek azken bi urte hauetan. Lana ez da beti erraza izan, baina ahaleginek beren emaitzak ekarri dituzte eta poliki-poliki ekintzak bideratzen joan dira bere populazioaren zati esanguratsu bat euskal jatorrikoa duen Uruguaiko hiri eta departamentu honetan.

Ahitzeko egun batzuk baino falta ez zaizkion 2011ean zehar Montevideotik propio etorritako Andrea Bella irakasleak euskara klaseak eman dizkio hamar bat ikaslek sortutako talde bati. Eskolak astero izan dira, larunbatetan, eta partaideen esanetan "oso interesgarriak, izan ere Andrea, pertsona gisa aparta izateaz gain, oso irakasle ona baita, oso jantzia, eta hizkuntzaren haritik euskal kulturari buruzko hainbat jakingarri ere azaltzen dizkigu". HABEko Euskara Munduan programan trebatzen ari den Andrea Bellak berak euskara klaseak emateaz gain, dantza klaseak ere emango ditu datorren ikasturtean 'San Joseko Euskaldunak Taldea'-k egin dion proposamena onartuta.

Erakundearen bigarren urtemuga ospatu zuten San Joseko euskaldunek abuztuan. Urtemuga, berez, 22an bazen, aurten astelehena izan zenez, jaia bezperara aurreratu zuten eta bazkide eta lagunentzako paella bat prestatu zuten igandean, abuztuaren 21ean.

Beste alde batetik eta datorren urteari begira, batzorde berria hautatu zuten San Joseko euskal etxeko kideek. Aldaketak azaroaren 30ean gauzatu ziren eta talde berria horrela geratu da:

-Lehendakaria: Sylvia Arosteguy
-Lehendakariordea: Juan Licio

-Idazkari: Alvaro Roland
-Idazkari orde: Astil Ausan

-Diruzaina: Zenon Echeverri
-Diruzainordea: Juan Carlos Arena
-Batzordekidea: Luis Alcorta

-Batzorde fiskala

-Presidentea: Raul Arrejuria
-Titularrak: Henry Millan eta Martha Etchemendy

Batzordearen hurrengo bilera, otsailaren 9an izango da, bilkuraren helburu nagusia kide berriak lortzeko estrategiak nola sortu eztabaidatzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia