euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara eskolak aurrera Québec-en: "Euskalduna edo quebectarra ote den zalantza izateko moduko euskara jatorra ikasi dute batzuk"

2015/04/10

Euskara ikasten Montrealen, Euskaldunak Québec elkartearekin (argazkia Quebec EE)
Euskara ikasten Montrealen, Euskaldunak Québec elkartearekin (argazkia Quebec EE)

PUBLIZITATEA

Pozik dira Montrealeko Euskaldunak Québec elkartean, bertako euskara eskolak egin duten aurrepauso handiarekin. Goizalde Galartza irakasleak aditzera eman duenez, ikasle kopuruak nabarmen egin du gora: aurreko urteetan bost ikasle baino ez ziren; aldiz, aurten hiru maila dituzte eta hogeita bi lagun dabiltza ikastaroan.

Montreal, Québec. Euskaldunak Québec elkartetik euskara ikastaroei buruzko kronika hau helarazi digu Goizalde irakasleak:

"Arrakastatsuak dira euskara eskolak Montrealen. Aurreko hamarkadan, bost bat ikaslez osatutako talde bakarra izaten ziren. Aurton ordea, hiru maila eta talde ditugu, orotara hogei ta bi ikasle inguru, helduak denak.

Erabat motibatuta datoz: asko euskal etorkinak dira, errepresio garaian euskara  ikasi ezin izan zutenak baina euskara ta Euskal Herria bihotzean dutenak. Beste batzuk euskaldunen lagunak edo familiakoak dira eta azkenik, hizkuntzalariren bat edo beste ere bada.

Euskalduna edo quebectarra?

Euskalduna edo quebectarra ote den zalantza izateko moduko euskara jatorra ikastera iritsi izan dira batzuk. Ederra! Holakoak Euskal Herriko barnetegietan ibili direla esan behar da ere.  

Gure ikasturtea irailetik maiatza edo ekaina artekoa da. Halere, urte batetik bestera alda daiteke, irakasleen aukeren arabera. Izan ere, euskara irakasleak Montrealeko unibetsitatean behin behineko ikasle gisa etorritakoak izan direnenean, ikastutea bukatutakoan etxera itzuli dira.  Aurtengo irakasleotako bi, duela laupabost urte iritsi ginen Montrealera ta hemen bizi gara. Hirugarren irakaslea lanera etorri da epe zehaztugabe baterako.

Korrika 19 Montrealen

Astero bi orduz dira eskolak: asteartero hastepenekoa eta asteazkenero jarraipenezkoa eta aurreratua. Hastapenekoekin helburua zera da, elkarrizketa errazetan parte hartu ahal izatea; jarraipenezkoan, dakitena finkatzea; eta aurreratuan dagoeneko, ikasleak gai dira mezu konplexuak ulertzeko eta sortzeko.

Adibidez, martxoaren 21ean ospatu genuen Montrealeko Korrikaren bigarren edizioa eta lekuaren barruko mezua ikasleek dotore idatzi zuten.

Euskara praktikatzeko ekintzak

Euskal Herriko kultura zabaldu eta unean uneko festen eta ekitaldien berri emateaz gain, jolasean ederto pasatzen dugu eskoletan, esaterako kartetan edo imintzioan. Ahal bezain beste, errealitatera gerturatzen diren egoerak sortzen ditugu ikasgelan eta noizean behin euskara praktikatzeko ekintzaren bat antolatzen dugu ikasgelatik kanpo.

Ekintzok gure Euskal Etxeko euskal hiztun guztiei irekiak izaten da. Esaterako, Gernikako urriko azken astelehena dela eta, euskaraz erosketak egitera joan ginen herriko merkatura, saltzaile bi euskaldunak zirelarik. Euskal kantuan aritzea oso gogoko dute ikasleek, batez ere ezaguna egiten zaizkielako hitzak eta doinuak. Gustora ikasten dute. Euskararen egunerako, hiri erdiguneko taberna batean egin ziguten lekua euskaraz kantatzeko eta dantzatzeko, trikitixa ta guzti.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia