euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Badago ala ez dago?' obra irakurriko dute gaur, euskaraz, Buenos Airesko Nazioarteko Antzerki Jaialdian

2009/10/13

Antzerki jaialdiaren kartela
Antzerki jaialdiaren kartela

PUBLIZITATEA

Yolanda Arrietaren 'Badago ala ez dago?' obra --"patua/halabeharra eta sorginak osagai dituen komedia dinamikoa"-- irakurriko du gaur Buenos Airesko VII. Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren baitan bertako Laurak Bat Euskal Etxeko talde batek 'Babel, la biblioteca' zikloan. Ziklo honetan hogei bat antzerki-lan irakurriko dira euren jatorrizko hizkuntzetan, ezezagunak edo 'urrunak' diren hizkuntzak eta kulturak ezagutarazteko asmoarekin. Obraren egilea, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria, Argentina eta AEBetako diasporan ahaideak dituen euskalduna, pozik azaldu zaio EuskalKultura.com-i 1992ko Euskadi Antzerki Saria lortu zuen lan hau Buenos Airesen aukeztuko dutela jakitean. Emanaldia, gaur, arratsaldeko zazpietan, sarrera doan.

Buenos Aires, Argentina. Urriaren 5etik 18ra arte ari da gauzatzen Argentinako hiriburuan Buenos Airesko Nazioarteko Antzerki Jaialdia. VII. edizio honetan, aurrekoetan bezala, herrialde askotako aktore eta konpainiek hartuko dute parte bakoitzak bere herriko artea zabaltzeko xedez. Jaialdiaren barruan, Babel, la biblioteca izeneko irakurraldi-zikloak kultura ezberdinek elkar ezagutzea eta integratzea du helburu. Hori dela eta Buenos Airesen bertan elkarrekin bizi diren kolektibitate batzuei bere ama-hizkuntzaz antzerki-lan bat irakurtzeko aukera ematen die ekitaldiaren antolatzaile den hiriko Kultur Ministerioak.

Euskarari dagokionez, Laurak Bat Euskal Etxeak jaso zuen parte hartzeko gonbidapena eta aukeratutako lana Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren 'Badago ala ez dago' izan da. Testuak sorginen eta akelarrearen mundua du gai, eta irakurriko dutenak hauexek dira: Maritxuren paperean, Maria Blanca Irusta; Prudentziorenean, Jon Kepa de Erquiaga; Martin, Mikel Huguet izango da; Maddi, Gabriela Mendia; Maialenena Miren Arozarenak egingo du; eta Marirena, Paula Lerchundik.

Gazteen artean bereziki arrakastatsua

'Badago ala ez dago?' 1992an argitara emaniko lana da, Euskadi Antzerki Saria (Pedro Barrutia Saria) eskuratutakoa; geroztik literaturaren munduan barrena ibilia den Yolanda Arrieta Malaxetxebarriari idazle titulua eman zion lana dela esan daiteke [hala onartzen du Arrietak berak]. Gaztetxoen munduan arrakasta berezia izan duen lana da, eta 2002an film gisa ere grabatu zuten Galdakaoko Ikastolako 12 urteko ikasleek.

Euskaraz ezezik, katalanez ere argitaratu izan da eta grosso modo, bere jarduna ezkutuan daraman sorgin tribu batean semeak etxetik alde egitea erabakitzen duenean gertatzen dena kontatzen du, berarentzat prestatuta dagoenari (patuari) aurre eginez, eta erabakiak bere kabuz hartuz. Azkenean, ezkondu behar zuenarekin ezkontzen amaituko du, baina bere borondatez.

Argentinan antzerki tailer bat emateko bide urratzaile?

Oso obra koloretsu eta atsegina da. Kantuak eta konjuroak ere batzen ditu. Ahozkotasunaren erregistroetara lotua, euskalkiak aberats eta natural erabiltzen ditu --istorioa batuaz agertzen da eta sorginen elkarrizketak bizkaieraz, hitanoan--, idazleak etxetik eta ahozko tradiziotik jasotako altxorrari bide emanez, eta altxor hori idatzian gordez. Esan beharra dago, Yolanda Arrieta Usurbilen bizi bada ere, Markina ondoko Etxebarrikoa dela jaiotzez, eta bere etxeko sukaldean amari-eta entzundako ahozko tradizioen nolabaiteko gordailu ere badela lan honetan.

'Badago ala ez dago?' Buenos Airesen irakurri behar zutela jakiterakoan, pozik agertu zitzaion EuskalKultura.com-i Yolanda Arrieta. Obra hau idatzi zuenetik denbora joana da, eta gaur egun haur eta gazte literaturan leku propioa egina du egileak, baita helduenean ere. Bere lanak taularatuak izan dira eta antzerki eta narratiban ezezik, entseguen munduan ere ibili izan da. Antzerki mundua bereziki kuttun dauka, dena den, eta antzerki tailerrak antolatzen eskarmentu polita. Nork daki Argentinan halakorik ematerik izango ez lukeen.

Diaspora konexioa urrun joan barik

Izan ere, Diasporarekin famili harreman zuzena duen pertsona da, aitxitxe bat Idahon ibilitakoa izan baitu; eta Argentinan, berriz, amumaren ahizpa bat, Joxepa Ibarzabal, Aulesti aldekoa, Santa Fe-ko Tostado herrian bizi zitzaion, Totorikaguena abizeneko senarrarekin. Azken hauen arrastoa galdua badu ere, ondorengoak inguruko euskal etxeetan ibil daitezke.

'Badago ala ez dago?' gaur asteartean, urriak 13, Martin del Barco Centenera Liburutegian (Venezuela 1538) irakurriko da, arratsaldeko zazpietan. Sarrera doan.

Lotura interesgarriak

Buenos Airesko Antzerki Jaialdia 2009
www.festivaldeteatroba.gov.ar

Yolanda Arrietaren biografia eta ibilbidea
www.basqueliterature.com/Katalogoak/egileak/arrieta

Yolanda Arrieta Auñamendi Entziklopedian
www.euskomedia.org/aunamendi/18657



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia