euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara egiaztatze probak asteburu honetan Buenos Airesen; guztira aurten 100dik gora aurkeztuko dira EHtik kanpo

2024/07/19

Euskara egiaztatzeko probak B1 eta B2 mailetan 2022an Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean bertan
Euskara egiaztatzeko probak B1 eta B2 mailetan 2022an Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean bertan

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Euskara maila egiaztatzeko probak egingo dira asteburu honetan Buenos Airesen. Bertan garatzen ari den Euskara Munduan-en Neguko Barnetegia ostiralean, 19an, bukatu eta larunbat eta igandez, uztailaren 20 eta 21ean, gauzatuko dira hurrenez hurren ahozko eta idatziko probak hiriko Laurak Bat Euskal Etxean. Mahai aztertzailea Irene López de Vicuñak, Sabrina Oteguik eta Kinku Zinkunegik osatuko dute, eta 23 azterketari espero dira: B1 maila, B2 maila eta C1 mailakoak.

Aurten euskara egiaztatzeko probetara Euskal Herritik kanpo aurkeztuko direnen artean, 23k Buenos Airesen egingo dute, 61k Madrilen eta 20k Bartzelonan

Buenos Airesen azterketa egingo duten gehienak Euskara Mundua programaren azkeneko promoziokoak (2020-2023) dira eta joan den abenduan bukatu zuten euren ikastaldi ofiziala, eta ondoren barnetegia egin zuten urtarril-otsailean Lazkaoko Maizpiden, batzuk hortik aurrera ere segitu zutelarik bertan. Gogora dezagun, aldi berean, egungo Euskara Munduanen taldeak (2024-2027) urtarrilean hasi zuela bere ikasketak, Argentinako San Nicolasen, eta talde honek bukatu behar duela gaur ostirala, uztailaren 19a, joan den 13an hasi zuen delako barnetegia.

Madrilen 61 ikaslek maiatzean hasi zituzten maila egiaztatzeko azterketak, eta Bartzelonan 20 ikaslek. Idazmen proba eta mintzamenekoa udazkenean egingo dituzte, Etxepare Euskal Institututik adierazi dutenez. Guztira, 104 ikaslek egingo dute aurten euskara maila egiaztatzeko azterketa Euskal Herritik kanpo, B1 mailatik C2ra. B1 mailako azterketarako 15 ikaslek eman dute izena, B2 mailarako 28k, C1 mailarako 51k eta C2 mailarako 10ek, Etxepare Euskal Institutuak HABErekin eta tokiko euskal etxe edo federazioekin lankide.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia