Buenos Aires, Argentina. Diasporan euskara ikasteko abenturari ekitea erabakitzen dutenentzat berebiziko garrantzia izan dezakeen gauza da aukera izatea ahalegin nabaria eginez ikasten dena, asko ala gutxi izan, erabili eta baliatzeko aukera izatea. Euskara ikastea, izan ere, ez da klaseen eta ikasketen ondorio bakarrik, edo pantailaren aurrean orduak ematearen eta etxeko lanak egite hutsaren emaitza; harremantzea ere bada, euskaraz harremantzea, eta hizkuntza ikaskideekin partekatu eta disfrutatzea eta, kasu askotan, adiskide talde berri bat osatzea, 'euskarazko lagunak'. Euskara klaseak ematen dituzten euskal etxe eta irakasleek eskolaz kanpoko guneak eta jarduerak ere antolatu ohi dituzte, ikasleek elkar ezagutzeko eta aisialdirako tarte bat partekatzeko, ikasitakoa jokoan jarriz. Hona azken hilabetean antolatutako hitzorduen adibide batzuk, Argentinako lau hiri eta hiru probintziatan.
Cordoba probintzia eta hirian, esaterako, Geroraren euskara taldea hilabete bakoitzeko azken larunbatero elkartzen da “Mintza” izeneko euskara ikasleentzako gune esklusibo batean. Izenak adierazten duen moduan, euskaraz komunikatzen saiatzen dira, bakoitza bere mailatik abiatuta, eta lantzen dituzten gaien artean poesia, musika edo jolasak aipa daitezke. Azken bilera irailaren 28an egin zuten, eta Ander Izagirre euskal kazetari eta idazlearen “Elkanoren herriari bueltaka” liburua baliatu zuen Gabriela Aguirre irakasle eta koordinatzaileak jarduera burutzeko. Ohi bezala, hitzordua bazkaria partekatuz amaitu zuten.
Aldameneko Santa Fe probintziako Rosarion euskara bi lekutan ikas daiteke, esan nahi baita Zazpirak Bat Eusko Etxearen euskaltegian eta Rosarioko Unibertsitate Nazionalean, Alejandra Persigek ematen dituen ikastaroetan. Propio bi erakundeetako ikasleek elkar ezagutzeko asmoz, irailaren 20an, ostirala, “Ikasleen topaketa” antolatu zuten eta jolas gaua partekatu. Zenbakien errepasoa loteriarekin batera iritsi zen, eta sari ederra denek partekatu ahal izan zuten: afari goxoa.
Buenos Aires hirian, eta elkartearen 80. urteurrenaren ospakizunen barruan, elkarrekin ospatu zuten Udaberriaren eta Ikaslearen Eguna hiriburuko Euskaltzaleak euskaltegi eta euskal elkarteko lagunek. Irailaren 21ean, larunbata, jolas arratsalde batera deitu zituzten ikasleak, koordinazio lana Anabel Jaureguiberry, Sabrina Otegui, Cecilia Canz eta Irene Lz. de Vicuña irakasleek eginik. hauek prestatutakoari jarraiki, Ikastaldeek erronka ezberdinei egin behar izan zieten aurre, hala nola euskal filmen izenak asmatzeari, kantu tradizionalen hitzak osatu ahal izateari, eta baita atsotitz eta esaera zaharretan murgildu eta arrakastatsu ateratzeari ere. Hemen ere topaketa giro ederreko askari handi batekin amaitu zen, Iparraldeko Euskal Etxeko ikasleak ere ekitaldiko partaide.
Buenos Aires probintzian hegoalderako, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko "Jose Ariztimuño" Liburutegian, irailaren 30ean, astelehenez, Mikel Deunaren ospakizunaren baitan, euskara eskola ireki bat eskaini zuten. Partaideek agurrak eta euren burua aurkezten ikasi ahal izan zuten, baita jaietan euskara baliatzeko esaldi multzo bat ere. Euskal kantutegian ere jorratu zuten, Kattin Artola getariarraren eskutik. Esteban Capurro eta Monica Usubiaga lagun zituela osatu zen jardueraz arduratu zen irakasle taldea. Horrez gain, online ikaskuntzarako informazioa eta tresnak ere jendaurretu zituzten.
Zorionak eta eutsi euskarari, euskaltzaleok!!!