euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara bor-bor Rosarion: barnetegi hasiera eta Katedraren aurkezpena egin ziren larunbatean Euskal Etxean

2013/07/22

Eskolak larunbat goizean hasi ziren eta datorren larunbatean bukatuko dira, eguerdian (argazkiak Valeria Oyarzabal)
Eskolak larunbat goizean hasi ziren eta datorren larunbatean bukatuko dira, eguerdian (argazkiak Valeria Oyarzabal)

PUBLIZITATEA

Garrantzi handiko ekintza bi burutu dira larunbatean Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxean. Alde babetik, HABEk sustatzen duen Euskara Munduan proiektuko 2013ko Neguko Barnetegia hasi zen goizean, Brasil, Txile, Uruguai eta Argentina bertako ikasleak partaide. Bestalde, Zazpirak Bat-ek Rosarioko Unibertsitatean emango duen Euskara eta Euskal Kulturari buruzko ikastaroaren inaugurazio zeremonia gauzatu zen arratsaldean. FEVAko goi mailako partaidetza bildu zuten bi ekitaldiek.

Rosario, Argentina. Lau urteko egitarauari jarraituz, euskara irakasleen formakuntza xede duen Euskara Munduan programaren 2013-2016 epeko bigarren barnetegia hasi zen joan den larunbatean Rosarion. Astebete luzatuko den ikastaroan Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko 32 ikasle bildu dira euskara ikasi eta, zehatzago, euren ezagutza teorikoen mintza praktika egin eta gaitasun komunikatikoa lantzeko.

Rosarioko Neguko Barnetegia 2013 01

[Aktibitateekin hasi aurretik, FEVAko ordezkariek barnetegiko partaideak agurtu zituzten. Ondoren, Kinku Zinkunegi asteko antolaketaz aritu zen (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskara Munduan egitasmoaren barne, on line plataforma baten bidez ari da trebatzen nazioarteko talde hau eta martxotik hona Euskal Herriko irakasle arduradunarekin trukean eta etxeko lanak hara bideliz aritu izan dira. Ikastaro trinko honen helburua, beraz, ikusi eta ikasitako gaiak birpasatu eta praktikan jartzea da. ‘Martxa’rekin hasi aurretik, Ricardo Basterra FEVAko lehendakariak eta euskal etxe anfitrioiko Monica Gabilondok ongietorria eman zieten ikasleei eta "asko ikastera" animatu zituzten.

Unibertsitateko Euskal Katedra

Euskara ikasi eta euskal kultura hedatzeko testuinguru honen baitan, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak eta bertako Unibertsitateak sinatutako akordio bati esker, Euskara eta Euskal Kultura katedra bat sortuko da aurten Rosarioko Humanitate eta Arteen Fakultateko Hizkuntza Institutuan. Bi erakundeen arteko hitzarmena joan den uztailaren 5ean burutu zen --EuskalKultura.com-ek zintzo iragarri zuenez-- baina komunitateari begirako aurkezpena pasa den larunbatean izan zen, barnetegiko ikasleak lagun.

Aurkezpen ekitaldiari hasiera emateko, Zazpirak Bat-eko lehendakari Javier Oteizak eskerrak eman zizkien bildutako lagunei eta euskal etxearen eta unibertsitatearen arteko harremak sendotzearen garrantzia azpimarratu zuen. Bere aldetik, Jose Goity Humanitate eta Arteen Fakultateko dekanoa ere bertaratutako publikoari zuzendu zitzaion, esanez, besteak beste, “oso garrantzitsua d(el)a hitzarmen hau, euskararekin batera kultur ondare bat ere sartzen baita unibertsitatean eta baita ondare hori transmititzeko aukera ere". "Hori dela eta esker biziak eman nahi dizkiegu euskal etxeko buzuzagiei”, adierazi zuen Rosarioko Unibertsitateko ordezkariak.

Rosarioko Euskal Katedra 2013 02

[Katedraren aurkezpenean, diploma eman zion HABEko Kinku Zinkunegik Rosarioko euskara irakasle den Alejo Conti rosariotar gazteari. Argazkian Fernanda Fignoni, Javier Oteiza, Ricardo Basterra, Alejo Conti, Kinku Zinkunegi eta Jose Goity (argazkia V.O)]

Katedrako irakasle izango den Alejo Contik, bere aldetik, ikastaroaren asmoak eta metodologia azaldu zituen. “Ekimenak erronka eta aukera dakartza Rosariora. Erronka, arlo akademikoan irakatsiko dugulako; eta aukera, orain arte iritsi ez garen esparruetara iritsiko garelako. Irakasteko era, HABE eta FEVAtik bultzatzen dutena izango dugu, metodologia komunikatiboan oinarrituta”.

FEVAren izenean federazioko lehendakari Ricardo Basterrak ere lagundu zuen Rosarioko euskal etxea aurkezpen honetan eta Argentinako euskal etxeen ordezkari, zoriondu egin zituen Zazpirak Bat-eko agintariak emandako urratsagatik. HABEko teknikari Kinku Zinkunegik, azkenik, akordioa, Rosarioko euskararentzat  ‘urrats kualitatiboa’ dela adierazi zuen, eta ekitaldia baliatu zuen HABEren I. profileko diploma eskuratzeko Alejo Conti irakasleari. Gogora dezagun Alejo Conti Euskara Munduan proiektuan trebatu den irakaslea dela eta iaz gainditu zuela HABEko azterketa, Buenos Airesen bertan.

Zeremoniari amaiera emateko, Fernanda Fignoni ‘Zazpi’-ko lehendakariordeak Nora Mugica hizkuntzalari rosariotarrak euskarari buruzko idatzitako hitz batzuk irakurri zituen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia