euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskanta' ekimenarekin haur talde italiar batek egin CDa aurkeztuko du bihar Erroman Associazione Euskarak

2010/05/19

Erroman bihar egingo den ekitaldian aurkeztuko den CDaren azala: Euskanta-k aukeztuta, 'Eromako zubia', Manetti Eskolako haurrek egina, Associazione Euskara eta UPTER Unibertsitate Herrikoia lankide
Erroman bihar egingo den ekitaldian aurkeztuko den CDaren azala: Euskanta-k aukeztuta, 'Eromako zubia', Manetti Eskolako haurrek egina, Associazione Euskara eta UPTER Unibertsitate Herrikoia lankide

PUBLIZITATEA

Euskara italiar haur eskola batean. Erromako Associazione Culturale Euskara eta UPTER Unibertsitate Herrikoiaren eskutik, 'Euskanta' ekimena garatu du Erromako Manetti Eskola Publikoko bostgarren mailako (9-10 urte) ikasle talde batek, euskara, musika, poesia eta erritmoa uztartuz, sormena eta bapatekotasuna guztiaren osagai biltzaile duen proiektu batean. 2009-2010 ikasturtean zehar eginiko sei saiotan Erromako aipatu eskolako 47 ikasleko talde batek euskarazko kantu bat osatu, idatzi, kantatu eta grabatu du. Emaitza gisa, CDa aurkeztuko du 'Euskanta'k bihar osteguna, maiatzaren 20ean, arratsaldeko 3:30etan Manetti Eskolan, Erromako Via Manetti 6 helbidean. 'Eromako zubia' deitu dute.

Erroma, Italia. Egia esan, beti harritzen gaituzte Erromako Associazione Culturale Euskara eta UPTER Unibertsitate Herrikoiko lagunek. Sormena, abangoardiako artea, diziplina arteko lankidetzak eta horri guztiari Euskal Herritik zein euren inguru italiarretik egiten zaizkion ekarpenak eragin, lagundu, bultzatu eta areagotzen dituzte. Oraingoan esperientzia berri batekin datoz, 'Euskanta' izenpean, horretarako Erromako Manetti eskolako bosgarren mailako (9-10 urte) A eta B geletako ikasleak protagonista bihurtu dituztela, izan ere sormena, artea, bapatekotasuna, poesia, euskara, musika eta erritmoa osagai dituzten ekimen batean.

Izan ere, orain amaitzen ari den 2009-2010 ikasturtean zehar prozesu oso bati ekin diote 'Euskanta' ekimenean parte hartu duten A eta B geletako haurrek, orotara 47 ikasle. Lehenik poesia bat idatzi dute eta ondoren Euskara Elkarteko lagunek euskaratu egin dute haiek sortutakoa. Testua eta euskarazko bertsioa ikasi egin dituzte, eta musika base bat sortu dute sintetizadorearekin eta grabatu egin dituzte testua eta koroak mikrofono batez. Sei saiotan egin dute.

Hortik atera da bihar osteguna aurkeztuko duten grabaketa, CD hirukoitz bat, testuak liburutxo batera bilduta eta euskara-italiera hiztegitxo bat ere emaitzako parte. Proiektua polita eta erabat partehartzailea, dinamikoa eta freskotzat definitu dute gertutik ezagutzen dutenek, euskara Erromako eskola batean tresna gisa eta era bizi-bizian sartuz.

Ekitaldian emaitza aurkeztuko da eta bertan partaide izan direnei luzatu zaie gonbitea, bereziki parte hartu duten ikasleei eta euren gurasoei, bakoitzari CDaren kopia bana emango zaiola. Haatik, oro har ekimen honetaz interesa izan dezaketen guztiak daude gonbidatuta. Bilgune eta ordua ezarri dira: 15:30etan, eskola atarian, Via Manetti 6 helbidean, Villa Aurelia metroa.

-Informazio gehiago: www.euskara.it

[Oharra: Euskaltzaindiak hiriari ERRoma deitzen badio ere, Tiber-eko hiriko euskal elkartekoek ERoma deitzen diote, eta hala agertzen da euren lan eta idazki guztietan, hala nola 'Eromako zubia' honetan ere]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia