euskal diaspora eta kultura
2013/03/20
PUBLIZITATEA
Poznan, Polonia. "Euskal Herriarekiko maitasuna, euskararekiko lilura, hizkuntzak ikasteko gogoa...", arrazoi horiek medio, Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitateko euskara eta euskal kultura ikasleak kalera atera ziren iragan martxoaren 9an, Korrika 18ri ongi etorria emateko. Amaia Dones irakurlea partaide, hiriko plaza nagusian bildu ziren, eguerdi puntu-puntuan.
"Ikasleek proposamena heldu zitzaienetik erabaki zuten Korrika Poznanen ospatzearen helburua Poznaneko jendeak euskara zer den ezagutaraztea behar zuela izan", azaldu digu Donesek. "Horretarako, poloniar euskalariek Magdak diseinatutako informazio orriak prestatu zituzten: Korrikaren logoa alde batean eta bestean azalpena polonieraz. Izan ere, zerbait esan behar zitzaien lasterketarekin aurrez aurre topo egingo zuten poloniarrei!".
[Poznango Udaletxe paretik abiatu zen Korrika 18 poloniarra (argazkia Luiza Stosik-Turek)]
[Pankarta eta Korrikaren peto eta guzti agertu ziren Poznango euskaltzaleak ekitaldira (argazkia Luiza Stosik-Turek)]
[Weronikak mikrofonoa hartu eta Korrikari buruzko azalpenak eman zizkien ekitaldira hurbildu zirenei (argazkia Luiza Stosik-Turek)]
Horrez gain, Weronika megafoniatik ekitaldiaren nondik-norakoak azaldu zizkien inguratzen ziren Poznango hiritarrei, gainerako partaideek informazio orritxoak banatzen zituzten bitartean. Ekimenak arrakasta izan zuen, antza, eta batek baino gehiagok lasterketarekin bat egin zuen. "Azkenean lortu genuen pankarten atzean korrika egiteko taldea biltzea. AEKtik bidalitako petoak jantzi, eta ekin genion korrika egiteari!", esan digu Donesek.
[Partehartzaileak gogotsu, lasterketa noiz abiatuko zain (argazkia Luiza Stosik-Turek)]
Abiatu aurretik, ordea, euskaraz hitz batzuk irakatsi zizkieten parte hartu behar zutenei eta, horrela, lasterketa hasi orduko, “ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Korrika!” oihuka aritu ziren, euskarari buruz ordura arte ezertxo ere ez zekiten poznandarrak (eta ez soilik poznandarrak, italiar batzuk eta estatubatuar batzuk ere animatu baitziren).
[Poznandar asko estonatuta begira zituztela, abiatu zen lasterketa. Badator Korrika! (argazkia Luiza Stosik-Turek)]
Lasterketa amaituta antolatzaileek Txoria-txori kantatzen irakatsi zieten partehartzaileei, eta baita Txulalai dantza dantzatzen ere. Bukatzeko, korrikalarien artean Kontu-Kontari: opowiadania baskijskie euskal ipuinen antologiako 10 ale zozketatu ziren (irakurletzako ikasleek polonierara itzulita). Eguneko irudi gehiago, bideo honetan:
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus