euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaltzaleak-en Triki-Poteo jendetsua Buenos Airesen, Cañuelas, Las Heras, San Nicolas eta Arrecifesko lagunak ere partaide

2017/06/13

Euskaltzaleak-en 6. Triki-Poteoa
Euskaltzaleak-en 6. Triki-Poteoa

PUBLIZITATEA

Seigarren edizioa bete du, eta Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiak antolatzen duen Triki-Poteoa, publikoak gehien eskatzen duen aktibitatea da, batez ere publiko gazteak eta ez euskal etxekoek soilik. Argentinan bizi diren Euskal Herrikoek ere eskatzen dute. Aurreko edizioetan bezala, aurtengoan ere beste hiri batzuetako euskal etxeetako kide eta lagunek ere hartu dute parte. Eta musikarien artean, Laurak Batekoek ere, EEko trikitilariak eta albokariak hain zuzen.

Buenos Aires, Argentina. Eguraldi apartak lagundu zituen joan den larunbatean Euskaltzaleak-eko lagunak Buenos Airesko seigarren Triki-Poteoan. Jende kopurua ere polita izan zen: 100dik gora pertsonek osatu zuten San Telmo auzoan murgildu zen taldea. Are gehiago, Euskaltegitik ohartarazi diote EuskalKultura.com-i musikariak ere inoiz baino gehiago izan zirela: Euskaltzaleak-eko pandero tailerreko ikasleekin batera, Ioar Oteiza, Dani Oiarbide eta Ignacio Baña aritu ziren trikitilari; eta Iñaki Esquirotz, Mauro Telletxea, Joaquín Baña albokariekin batera arduratu ziren ibilbideari musika jartzeaz, panderojoleak ere lagun.

Taberna bakoitzean, ohiko potea hartzearekin batera, partaideak kalera ateratzen ziren fandangoa, arin-arina, polka edota jauziren bat dantzatzera. Eta euskal etxeetako dantzariak ez ezik, Argentinan dauden euskal herritarrak ere sartu ziren korroetan euskal musika dantzatzeko eta herriminari aurre egiteko. Euskaltzaleak-eko lehendakari Teresa de Zavaletaren hitzetan, “jende gaztea etortzen da batez ere Triki-Poteora, euskaldun gazte asko; eta eskerrak ematen dizkigute Triki-Poteoaren giroan ‘etxean bezala’ sentitzen direlako. Ezustean kointzidentziaz gurekin topo egin eta gehitzen zaizkigunak ere badaude. Beti dago San Telmon paseatzen ari den euskaldunen bat eta trikitixaren soinuak erakarrita inguratu eta taldera bildu eta ibilbidea egiten duena, gero gure egoitzara afaltzera etorriz, hori liluragarria da!”, adierazten digu Zavaletak.

Gehienbat gazteei begirako ekintza bat denez, denborarekin Euskaltzaleak-eko dantzariek hartu dute beren gain ekitaldiaren antolaketa; hala ere Zavaletak onartzen du talde lana dela. “Ezinbestekoa da guztion ahalegina, bereziki sukaldariena. Hor ditugu Dolores Guerrico, Sylvia Saenz, Ricardo Spalatto, Virginia Goicochea eta Maria Itziar Martinez Esain sukaldariak, lan ederra egiten dute eta haiei esker egin ahal ditugu hau bezalako aktibitateak”, azpimarratzen du lehendakariak.

Triki-Poteoak daukan arrakastatzen ondorioz, instituzioak indartu egingo du bere musika tailerren eskaintza; eta abesbatza eta pandero klaseez aparte, trikitixa eta alboka ikastaro bana ere hasiko ditu datorren larunbatean arratsaldeko 14etatik 15etara. “Euskara klaseek segitzen dute izaten, ordea, gure lehentasuna eta horretan ere oso urte ona daukagu. 90 ikasle ditugu aurrez aurreko 12 taldetan eta beste 60 bat On Line Ikastaroan. Uztailean gainera lehenengo urratseko beste talde bat irekiko dugu, jadanik jende ugarik izena eman duelako”, iragarri digu irakasle ere baden Zavaletak.

Agurra eta eskerrak

Euskaltzaleak-eko lehendakariak aukera baliaten du “eskerrik beroenak emateko, Euskaltzaleak-en izenean, Dani Oiarbideri eta Ioar Oteizari, Argentinara iritsi zirenetik asko lagun digutelako, batez ere Triki-Poteoetan eta ez bakarrik musika jotzen baizik eta euren esperientzia eta jarrera ederra ekartzen. Beraiei esker zenbait ekimen garatu ahal izan ditugu eta horregatik azken Triki-Poteo hau nolabaiteko aitzakia izan da beraiekin berriz ere bildu eta Euskal Herrira joan aurretik agurtzeko. Aldi berean, parte hartu duten beste euskal etxeetako ordezkariei ere eman nahi dizkiegu eskerrak; izan ere, Cañuelas, Gral. Las Heras, Arrecifes eta San Nicolaseko euskal etxeetako ordezkariei eta Buenos Airesko Nafar Etxeko eta Laurak Bateko dantzariei. Musikariei ere, Laurak Bateko Iñaki eta Joaquin Bañari mila esker Triki-Poteora euren musika ekartzeagatik”, adierazi du Zavaletak.

Euskaltegiaren Facebooka: Euskaltzaleak Baires
Euskaltegiko musikarien Facebooka: Musikariak


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia