Buenos Aires Handian kokatua, San Fernando partiduko patroia da Arantzazuko Ama Birjina eta, Parrokiako arduradunek gonbidaturik, Arantzazuko Amaren Eguneko mezan hartu zuten parte hiriburuko Euskaltzaleak-eko abesbatzak eta aurreskulariak irailaren 9an. “Eguraldiagatik ezin izan genituen azoka eta prozesioa egin baina meza garaian parrokia eliztarrez bete zen”, adierazi digute Parrokiatik.
San Fernando, Argentina. San Fernandoko Arantzazuko Parrokiak urtero ospatzen du Arantzazuko Ama Birjinaren eguna egun osoko ekitaldi batekin. Programaren barruan prozesio bat egin ohi da San Martin Plazaraino, bertan azoka antolatzen da eta meza bat ere eskaintzen da. Hiriko euskal jatorriko jendeak bultzatuta, gainera, euskal ezaugarriak ere sartzen dira egitarauan, ospakizunak Euskal Herriarekin duen lotura erakuste aldera.
Aurtengo ekitaldiari dagokionez, euri zaparradek zenbait proposamen bertan behera uztera behartu zuten; baina meza bai egin zen, Parrokian, eta jende ugari lagun. Elizbarrutiko apezpiku Oscar Ojea buru, Jorge Luis Lagacio apaizak eman zuen meza eta bedeinkazioaren ondoren, Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarteko dantzari den Renzo Bustosek Aurreskua dantzatu zuen Arantzazuko Ama Birjinaren aurrean. Euskara ere entzun zen elizkizunean, Euskaltzaleak-eko abesbatzari esker. Eliseo Rodriguezen zuzendaritzapean, “Polit ederra”, “Aldapeko” eta “Agur Jaunak” kantatu zituen koru hiriburutarrak.
“Oso esperientzia polita izan da guretzat” adierazi dio EuskalKultura.com -i Euskaltzaleak-eko lehendakari Teresa de Zavaletak. “Gonbitea San Fernando eta Martinezeko ikasleak biltzen dituen gure euskara taldean sortu zen, taldean bertan Parrokian lanean dabiltzan bi kide baitaude. Are gehiago, haietako bat, Cecilia Ruiz, euskal sustraiak dituelako hasi zen ikasten gurekin, baina batez ere, Arantzazuko parrokiako eliztarra delako”, jakinarazi digu irakasleak.
Elizkizunak bukatutakoan, otordua ekaini zieten Parrokiako arduradunek gonbidatuei.