Gonbite bikoitza dauka Euskaltzaleak euskaltegiak larunbat honetarako. Arratsaldeko 6:30etan, Argentinako selekzioaren Amerikako Kopako lehenengo partida ikustera; 8:30etan, partida bukatu eta gero, erakundeak antolatuko duen laugarren Triki-Poteoan parte hartzera. Aurreko edizioetan bezala, San Telmo auzoan murgilduko dira Euskal Herriko musika zaleak trikitixa, pandero eta alboken erritmoetara.
Buenos Aires, Argentina. Jendearen eskaerari erantzunez, 4. Triki-Poteoa antolatu dute asteburu honetan Buenos Airesko euskaltegiko lagunek. “Oso ekintza ohikoa ez denez, jende askok galdetzen digu ea noiz egingo dugun ‘kalera ateratzearena’; eta hautatu berri den Zuzendaritza Batzordearen lehenengo erabakietako bat hori izan da; laugarren Triki-Potearen data erabakitzea”, jakinarazi digute instituziotik.
Hitzordua larunbat honetan izango da eta argentinar askoren beste zaletasun batekin bat eginez, euskaltegiak arratsaldeko 6:30etan irekiko baititu bere egoitzako ateak Argentina-Paraguairen arteko Amerikako Kopako partida ikusteko. “Poteora ateratzeko motorrak berotzen hasteko, pintxo batzuk partekatuko ditugu partida ikusten dugun bitartean; ondoren, Triki-Poteoa hasiko da, eta ohi bezala, San Telmo aldeko tabernetara joango gara, abestuz eta dantzatuz. Ibilbidea amaituta, egoitzara bueltatuko gara etxeko sukaldariek prestatuko dituzten talo eta kazolak dastatzera”, azaldu digu Teresa de Zavaleta Euskaltzaleak-eko lehendakari berriak.
Zuzendaritza Batzordea
Erakundeko estatutuak agintzen duen moduan, Biltzar Orokorra burutu zuen Euskaltzaleak-ek joan den ostiralean bere zuzendaritza berritzeko; eta bozketa egin eta gero, eta lau urte pasa ondoren, Teresa de Zavaleta irakaslea bueltatu da euskaltegiko lehendakaritzara: “Urte zailak pasatu dira eta ezinbestekoa izan da Carlos Bordagarayk eta Mariana Arlak osatutako bikotea izatea oztopoak gainditzeko. Haiek buru izan dituen talde handi bati zor diogu azken urte hauetan lortutako hainbat gauza, tartean, handiena dudarik gabe, gure etxe propioa izatea. Orain bolada berri bat dator; helburu eta erronkak ezberdinak dira eta lehentasuna du euskararekin gero eta leku gehiagotara iristeak. Momentu honetan hiriburuko Belgrano eta Versalles auzoetan, eta Buenos Aires probintziako Martinezen ari gara klaseak ematen eta zabaltzeko joera hori bultzatu nahi dugu”, adierazi dio Zavaletak EuskalKultura.com-i.
Hona, Zavaletarekin batera euskal etxeko batzorde berria osatzen dutenen izen eta postuak:
-Lehendakari: Teresa de Zavaleta
-Lehendakariorde: Ricardo Grajirena
-Idazkari: Sabrina Otegui
-Idazkariorde: Mariana Grande Cobián
-Diruzain: Virginia Goicoechea
-Diruzainorde: Anabel Jaureguiberry
-Batzordekide titularrak: Mariana Arla, Sylvia Saenz eta Carlos Bordagaray
-Batzordekide ordezkoak: Dolores Guerrico, Susana Goñi eta Renzo Bustos
-Kontu ikuskatzaile titular/Euskara erreferente: Elsa Usandizaga
-Kontu ikuskatzaile ordezkoa: Izaskun Crespillo