euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaltzale argentinarrek Herri Urratsen bertako bertsio bat ospatu zuten larunbatean Buenos Airesen

2007/05/15

Joan den larunbateko Herri Urrats jai porteñoaren detailea, kintxoan (argazkia, EuskalKultura.com)
Joan den larunbateko Herri Urrats jai porteñoaren detailea, kintxoan (argazkia, EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak bat egin zuen joan den larunbatean, Euskal Herrian igandez ospatu zen Herri Urrats ikastolen aldeko hitzorduarekin. Urtero Senperen egiten den jai euskaltzalearen bertsio porteñoa hiriburu federaleko Moreno kaleko euskal egoitzan egin zen eta bertara bildu ziren euskara ikasleak, Buenos Airesko zenbait euskal erakundetako lagun eta kideak eta, oro har, euskara eta euskal kulturaren inguruan mugitzen den hainbat jende. Egitarauak euskarazko jokoak, dantzak eta jolasak baitaratu zituen, guztia geure hizkuntzaren aldeko kontzientzia eta engaiamendu giroak bultzatuta.
Joan den larunbatean, maiatzak 12 eta Senpereko ekitaldien bezperan, beraz, ekin zioten Buenos Airesen Herri Urratseko festari. Iparraldeko Euskal Etxea ere deitua den hiriburu argentinarreko Centro Vasco Francés delakoak abegikor zabaldu zituen bere ateak dozenaka lagun errezibitzeko, ez soilik Buenos Aires hiritik helduak, bertaratutakoen artean bazegoen-eta, esaterako, Barilocheko Euskal Etxekorik --Río Negro probintziakoak, hain zuzen, Patagonian-- edota Resistenciakorik --Chacoko probintzian, ipar Argentinan--, besteak beste.

Bertako euskal etxeko kide eta aldi berean Euskaltzaleak-eko euskara ikasle den Carlos Martinez-i egokitu zitzaion bildutako jende aurrean azaltzea zein den Herri Urratsen izaera eta muina Euskal Herrian. Euskara tresna gisa erabiltzen zuten joko eta dantzak, berriz, Mariana Fernández Castelliren eta Martin Jaca dantzariaren eskutik heldu ziren. Eraikineko kintxoa eta pilota kantxa hartu zuten gertaleku, eta gauza izan ziren bildutako guztien arreta eta partaidetza eurenganatzeko. [Ekitaldiak, kintxoan eta kantxan egin ziren. Eskuineko irudian, pilotalekuan Martin Jaca gidari egindakoen ikuspegi moztu bat (arg. EuskalKultura.com)]

Igandean, Parisen eta ekainaren 1ean, Mar del Platan

Deialdiko ezaugarri, batera eta bestera agerian geratu zen gogo gartsu eta irrika euskaltzalea, eta engaiamendu eta kontzientzia euskararenganako, 'partikularzki Ipar Euskal Herriaren kasuan bezala, izaera eta babes ofizialik gabe gertatzen denean', esplikatu zenez.
Ekitaldian zehar pintxo ugari zerbitzatu zen eta zozketak ere egin ziren. Azkenaldera, Herri Urrats Senperen kantaren kopiak banatu eta denon artean kantatu zen. [Ezkerreko irudian, Euskal Etxeko kantxan egindako dantza saio partehartzailearen beste une bat (arg. EuskalKultura.com)]

Munduko beste euskal etxe batzuetan ere badago Herri Urratsekin bat egiteko planik. Hala nola Parisekoan, non hitzordua heldu den iganderako finkatu den. Bertako egitarauak zazpi kilometrotik gorako zirkuitu bat prestatu du, euskal etxe zaharraren eraikinetik egungora, bisita gidatuak, bazkari herrikoia eta Kutxidazu bidea, Ixabel filmearen emanaldi bat ere tarteko. Mar del Platan, berriz, bertako 'Artaburu Euskaltzale Elkarte'koek ekainaren lehenean ospatuko dute euren Herri Urrats.


Lotura interesgarriak

Herri Urratsen webgune ofiziala
www.herriurrats.com

Seaska, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioa
www.seaska.info

Herri Urratsen edizio berri bat, Diasporako oihartzunez
BasqueHeritage.com-en 2007ko maiatzaren 12an argitara emana

Herri Urratsen iazko edizioa Diasporan
EuskalKultura.com-en 2006ko maiatzaren 14an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia