euskal diaspora eta kultura
2009/10/27
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. Euskaltzaindiak 90. urte bete berri ditu. Akademiak, urteurrenaren ospakizunei begira argitaratu dituen liburu eta euskarri berriekin batera, bere albisteak zabaltzen dituen Plazaberri agerkariari paperezko presentzia ematea ere erabaki du.
Akademiak hilero argitaratu eta doan banatuko duen paperezko Plazaberri honek, helburu gisa Euskaltzaindiaren informazioa zabaltzea eta gizartearekiko harremana eta komunikazioa bideratzea du. Dagoeneko kalean dagoen 2009ko urrikoa izan da lehen zenbakia. Ale honen edukia Euskaltzaindiaren 90. urteurrenaren inguruko gaiek osatzen dute, eta lau orrialdetan banatuta dago. Euskaltzaindiak, Plazaberri albistariarekin bere komunikazio jarduera indartu nahi du, Euskara aldizkariaren eta interneteko agerkariaren lana osatuz.
Dilve sarean
Euskaltzaindiaren argitalpenekin jarraituz, hauei lotutako beste albiste bat ere zabaldu du Akademiak. Hain zuzen ere, hemendik aurrera Euskaltzaindiak argitaratutako lan guztiak Dilve webgunean kontsultagai izango direla jakinarazi dute Euskaltzaindiatik.
Espainiako Editoreen Elkarteetako Federazioak Interneten eskaintzen duen zerbitzua da Dilve (Distribuidor de información del libro español en venta). Salgai dauden liburuak on-line kontsultatzeko doako informazio-sistema bat da. Behin erregistratuz gero, profesional guztien eskura dago: idazleak, argitaletxeak, liburudendak, banatzaileak...
Euskaltzaindia Euskadiko Editoreen Elkarteko kide da joan den 2009ko uztailetik, eta hortik etorri zaio Dilve-n sartzeko aukera. Aurrerantzean, publikatu ahala, Euskaltzaindiak argitalpen guztien berri emango du webgune horretan.
Euskaltzaindia:
www.euskaltzaindia.net
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus