euskal diaspora eta kultura
2009/02/27
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Azkenaldian hil diren euskaltzain hauen omenezko hilberri-txostenak gaur irakurri dira, Gipuzkoako Foru Aldundian, Euskaltzaindiak eginiko omenaldian. Hona omendu bakoitzaren aipamena.
Euren omenezko hilberri-txostenak irakurri dituzte gaur, Gipuzkoako Foru Aldundian, Euskaltzaindiak eginiko omenaldian.
MILAGROS BIDEGAIN
(Donostia, 1922-6-6 / 2006-12-23)
Batxilergoa amaituta, ez zen Unibertsitatera joan, baina bai ordea ikasten jarraitu. Hala, etxean, Filosofia eta Letrak ikasteari ekin zion eta Latinean espezializatu zen. Azterketak Valladoliden egiten zituen, eta han eskuratu zuen titulua.
Titulazioa lortu ondoren, lagun batek eta berak akademia bat ireki zuten Irunen. Bertan, kartzelatik irten berria zela, aurkitu zuen lana Koldo Mitxelenak. Akademian ez ezik, Donostiako Institutuan, Gurutzearen Alaben ikastetxean eta Errenterian ere irakasle ibili zen Bidegain ondorengo urteetan, harik eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Liburutegiko liburuzain plaza lortu zuen arte. Bertan izan zen, jubilatu zen arte.
Urte askotan zehar, euskarazko eskolak eman zituen Gipuzkoako Foru Aldundian. Irun Hiriko literatur sarien epaimahaikide ere izan zen.
JOSE IGNACIO TELLETXEA IDIGORAS
(Donostia, 1928-4-15 / 2008-3-8)
Euskaltzaindiak 1979ko abenduaren 20an euskaltzain urgazle izendatu zuen.
Jose Ignacio Telletxea Idigoras Donostian sortu zen, 1928ko apirilaren 15ean. Erromako Unibertsitate Gregorianoan Eliz historian, eta Madrilgo Unibertsitate Konplutensean Filosofia eta Letretan lizentziatu zen. Teologian doktorea zen. Gasteizko Teologia Fakultatean irakasle izan zen, bai eta Salamancako Elizaren Unibertsitatean ere. Salamancan jubilatu zen.
Fray Bartolome Karrantzakoaren lana zabaldu zuen, baita Catalina Erauso, Manuel Larramendi, Molinos, Miguel de Unamuno eta beste hainbat pertsonaia historikorena ere. Loiolako Inazioren biografia da, ezbairik gabe, bere lanik ezagun eta zabalduena: Ignacio de Loyola, solo y a pie.
JACQUES ETCHEVERRY
(Donibane Lohizune, 1921-12-16 / Baiona, 2008-3-22)
1965eko azaroaren 24an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. Jacques Isidro Etcheverry Unanue Donibane Lohizunen (Lapurdi) jaio zen, 1921eko abenduaren 16an. Pariseko Sorbona Unibertsitatean Filosofia eta Psikosoziologia ikasketak egin zituen.
Donostiako Herri Irratiarekin egin zituen kolaborazioak, Basque Eclair egunkarian ere lan egin zuen Baionan, eta Activités en Pays Basque Baionako Merkataritza Ganberaren aldizkariaren zuzendaria izan zen. Gure Herria aldizkarian artikuluak argitaratu zituen. Radio France-ren “Kronikak” izeneko atala ere egin zuen.
Baionako Euskal Museoan euskara klaseak eman zituen, baita Baionako Lizeoan ere. Etcheverry izan da, Frantziako Administrazioak ordainduta, euskarazko eskolak eman dituen Iparraldeko lehen irakaslea, batxilergoa barne. Lizeoaz gain, Elizaren ardurapeko ikastetxeetan ere irakasle izan zen. Jacques Etcheverryk euskalduntze zein alfabetatze eskolak eman zituen bere bizitzan zehar. Lapurdi itsas-hegia liburua argitaratu zuen, 1977an.
HENRIKE KNÖRR
(Tarragona, 1947-3-2 / Gasteiz, 2008-4-30)
Henrike Knörr Borràs Tarragonan sortu zen, 1947ko martxoaren 2an. Aita Gasteizkoa eta ama katalana, zazpi urte zituela Gasteizera etorri zen bizitzera. Filosofia eta Letretan lizentziatu zen 1981ean, Madrileko Complutense Unibertsitatean, Filosofia Hutsaren sailetik, Alfred N. Whitehead filosofoaren gaineko lan batekin. Koldo Mitxelenaren laguntzaile izan zen Arabako Ikastetxe Unibertsitarioan. Gero, Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatean irakasle izendatu zuten eta horretan jardun du hil arte. 1987an, Euskal Filologiako Doktore titulua eskuratu zuen, Maurice Harriet apaizaren hiztegi argitaragabeari buruzko tesi batekin, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean. Euskal Filologiako katedraduna zen, 1995az geroztik.
Euskaltzaindiak 1975ean hautatu zuen euskaltzain urgazle eta bi urteren buruan, 1977ko otsailaren 26an, euskaltzain oso izendatu zuen, Antonio Arrueren ordez. Euskaltzaindiaren barne hainbat kargu bete ditu, hala nola, Euskaltzaindiko buruordea, 1995etik 2004ra bitartean; diruzain, Jagon sailburu eta idazkaria (1992-1995) eta Onomastika batzordeburua (1984-2001); 2004ko abenduaren 17tik, Iker Sailburua zen; bestalde, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria zen 2001etik.
Artikulu ugari eta liburu batzuen egilea, gogokoen zituen gaien artean leku eta pertsona izenei buruzko ikerketak eta euskararen historia eta euskal testuak daude. Hainbat egunkaritan eta aldizkaritan argitaratu dira bere artikuluak. 1993an, beste batzuekin batera, Landazuri aldizkaria sortu zuen.
XABIER DIHARCE 'IRATZEDER'
(Donibane Lohizune, 1920-1-4 / Belok, 2008-10-13)
Xabier Diharce "Iratzeder" Donibane Lohizunen jaio zen, 1920ko urtarrilaren 4an. Uztaritzeko eta Baionako Seminarioetan egin zituen apaiz ikasketak. Hogeita bat urte zituela, Belokeko beneditarren komentura joan zen. Lau urte geroago, 1945ean, bertan apeztu zen. 1948tik 1968 arte beneditar nobizioen irakasle izan zen; gero priore eta 1972an abade izendatu zuten. Hamabost urtez izan zen Belokeko abade. Ondoren, 67 urte zituela, 1987an, Afrikara joan zen, Dahomey estatuko Zagnanado komentura, baina hamazazpi hilabete besterik ez zituen bertan eman, eta berriro Belokera itzuli zen. Hor bizi izan zen azken arnasa eman arte. 1953ko urtarrilaren 1ean euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1962ko uztailaren 27an, berriz, euskaltzain oso, J. Elissalderen ordez. 1963an, Beloken, sarrera hitzaldia egin zuen, "Belokeko euskal bidea" gaiari buruz. Kanta askoren letrak prestatu zituen, lehenik Gabriel Lertxundi beneditarrarekin batera --Kantikak liburua, horren emaitza-- eta berak bakarrik geroago. Urteaga, Garbizu, Olaizola eta Bengoa musikalariek musika jarri zizkieten. Aita Donostiak musikaturikoak ere badira.
Salmoak obra nagusiaren egokitzaile izan zen Iratzeder. Bere liburu batzuk: Argiz argi, Zeru menditik, Uhaineri nagusi, Oroitzapen purruxkak. Bere olerki liburuak Biziaren olerkia liburuan bilduak dira.
KARMELO ETXENAGUSIA
(Iurreta, 1932-4-24 / Bilbo, 2008-11-6)
Karmelo Etxenagusia Uribe Iurretan jaio zen, 1932ko apirilaren 24an. Gordexola, Artea eta Gasteizko seminarioetan egin zituen apaiz ikasketak. 1955ean apaiztu zen eta segidan Seminarioko irakasle izendatu zuten. Geroago Comillas-eko Seminarioan ikasi zuen Eliz Zuzenbidea. Gero, Erroman, Teologia eta Eliz Zuzenbidea ikasten jarraitu zuen.
Karmelo Etxenagusiaren literaturarekiko zaletasuna handia izan zen eta hala erakutsi zuen beti. Bere ikasle izandakoen esanetan, berak sentitzen zuen zaletasun bera pizten zuen jendearengan. Euskal literaturari buruzko antologia batzuk idatzi zituen, besteak beste Euskal Idazleak bizkaieraz. Antologia. Testu azterketak. Ariketak, Jon Kortazar eta Aitor Etxeberriaren laguntzaz egina, eta Iparraldeko Euskal Idazleak. Antologia. 2003an, Euskerea nire bizitzan liburua kaleratu zuen.
Mikel Zaraterekin batera, Derioko Udako Euskal Ikastaroen sortzaile izan zen, 1969an. Aurrerantzean, Derioko Udako Ikastarotik sortu zen Labayru Ikastegiaren bultzatzaile handienetarikoa ere izan zen. 1995eko irailaren 8an, 63 urte zituela, Bilboko gotzain laguntzaile izendatu zuten, eta zeregin horretan ibili zen ordutik 2008. urtera arte, jubilatu arte.
Ohorezko euskaltzaina zen, 1998ko apirilaren 24an izendatua.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus