euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskalKulturak San Frantziskon AEBko euskal bertsolariei eginiko Omenaldiaren irudi kronika argitaratuko du bihar

2022/03/14

Ezker-eskuin: aurreskua Joxe Mallea-Olaetxe, Franxoa Bidaurreta, Todor Azurtza, Sebastian Lizaso, Martin Goicoechea, (atzean) Aitor Mendiluze, Gratien Alfaro, Jesus Arriada, Jesus Goñi eta Johnny Curutchet-i (arg EuskalKultura.eus)
Ezker-eskuin: aurreskua Joxe Mallea-Olaetxe, Franxoa Bidaurreta, Todor Azurtza, Sebastian Lizaso, Martin Goicoechea, (atzean) Aitor Mendiluze, Gratien Alfaro, Jesus Arriada, Jesus Goñi eta Johnny Curutchet-i (arg EuskalKultura.eus)

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. Ehun pertsonatik gora bildu ziren larunbatean San Frantziskoko Gure Euskal Etxeko areto nagusian, NABO euskal etxeen federazioak Estatu Batuetako bost bertsolariri egindako omenaldi txalotu eta hunkigarrian. Aipatu bertsolariok AEBko euskal jaialdi eta elkarretaratzeetan aritu izan dira azken hiruzpalau hamarkadetan, bertsolaritzaren suzia atxikiz euskal komunitatearen barnean, eta aukera berezi batzuetan baita kanpoan ere. Gogoratu AEBko kultura tradizional mailan saririk garaiena den "National Endowment for the Arts" delakoa jaso zutela 2003an, Washington hiriburuan egindako ekitaldian, publiko amerikarraren txaloen artean.


Ekitaldiko lehenengo hitzak elkarte antolatzailearen izenean NABOko lehendakari Phillippe Acheritogarayren eskutik

Oraingoan, euskal komunitateak berak saritu die euren bizitza osoko dedikazio eta lana Kaliforniako Jesus Arriada, Gratien Alfaro eta Johnny Curutchet-i; Nevadako Jesus Goñiri; eta Wyoming-eko Martin Goicoecheari. Berez Omenaldiak duela bi urte behar zuen, eta hala antolatu zen 2020an martxoan, baina pandemiak bertan behera gerarazi zuen, orain aukera egon den lehenengo unean berreskuratu eta gauzatu den arte, Euskal Herritik etorritako bi bertsolari, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze, lagun.


Martin Goicoechea, Jesus Goñi eta Johnny Curutchet-en txanda: Johnny Curutchet-ek irria kendu die tranpaldoko bere lagunei

EuskalKulturak martxoaren 12ko egunak eman zuenaren irudi bidezko kronika argitaratuko du bihar.


Euskara mintzatu ez, edo laguntza batekin saioa hobeto segi zezaketen lagunentzako, aldibereko itzulpena ingelesera

Gaurko aipua bukatzeko, esan dezagun saioaren antolaketa eta koordinazioa Todor Azurtzari (Boise) zor zaiola, bertako bertso-jartzaile eta bertsozale handia den Franxoa Bidaurretaren (San Frantzisko) proposamena onartuta. Xabier Payak (EH) egin zuen sarrera bertsolaritzaz eta baita ingeleserako aldibereko itzulpena ere, azkeneko hau Xabier Berrueta eta Valerie Etcharren Arrechea (sanfrantziskotarrak biak) lankide. Azkenik Joxe Mallea-Olaetxek (Reno) egin zuen bertsolarien azalpen biografikoa.

Erakunde antolatzaile eta laguntzaileei dagokienez, lankide izan ziren NABO Ipar Amerikako Euskal Elkarteen Federazioa, Basque Educational Organization (BEO), Gure Euskal Etxea-Basque Cultural Center, San Frantziskoko Euskal Etxea, Eusko Jaurlaritza eta Euskal Kultur Erakundea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia