Donostia-San Sebastian. EuskalKulturak bere ingelesezko buletina eteteko erabaki zaila hartu du, ezinbestean. Joan den asteko buletina, beraz, azkena izango da oraingoz hizkuntza honetan. Militantismoa eta konpromiso irmoa euskal kultura eta diasporarekin izan dira hastapenetik EuskalKultura proiektuak ikur izan dituen ezaugarriak, alderdi ekonomikoei erabateko lehentasuna eman gabe (bestela, seguruenik ez genukeen proiektua bera ere hasiko). Urteak eta gero ikusita, akats larria, EuskalKulturak ez baitu sekula atzean izan proiektuari lotutako erakunde edo babeslerik, egunero plazaratzen den gurea bezalako kultura ekimen batek sortzen duen defizitarekin laguntzeko. Eta instituzioetatik datozkigun laguntzak, eskergarriak izan arren, ez dute gure jarraipena bermatzen.
Aspaldi edo betidanik ate joka ari zitzaigun unea eta gaia lehertu dira. Eta luze arrastaka ibili ostean, motxila arindu beharrean gaude, onenean.
Aurten 20 urte bete ditugu interneten. Eta denbora gehiegi daramagu arrastaka.
Urtea bukatu arte arte, beraz, gogoeta prozesu erabakiorra gauzatuko dugu geroari buruz, proiektua bera eta besteak beste bere bideragarritasun ekonomikoa hausnargai.
Informazio gehiago jakin nahi baduzu, irakurle, edo zeure ideia, iritzi, komentario edo ekarpenik helarazi, idatzi info@euskalkultura.eus-era.
Eskerrik asko.