Buenos Aires, Argentina. Necochean garatzen ari den Euskal Aste Nazionalerako bidean, Argentinako euskal etxeak Euskal Herriko kultura munduko kide ugariren bisita jasotzen ari dira egunotan. Musikariek, dantzariek, agintari politikoek eta baita hedabideetako kideek ere diasporako jendearekin bildu eta harreman zuzena izateko baliatu ohi dute aukera. Halaxe ari da egiten EuskalKultura.eus-eko zuzendari Joseba Etxarri ere. Joan den larunbatean, azaroaren 4an, Buenos Airesko Nafar Etxeak Almagro auzoan duen egoitzan izan zen. Nafar Etxeko lehendakari Daniel Remondeguik egin zion harrera eta kazetariak euskarari buruzko klase ireki bat ere eman zuen.
Hitzaldia animatua izan zen, galdera eta parte-hartze ugarirekin, eta jende multzo polita bildu zuen larunbat arratsaldeko lehen orduetan Buenos Airesko Nafar Etxera
Euskararen historia hurbila, Linguae Navarrorum-en egoera, euskalkien aberastasuna, euskara batuaren sorrera eta garapena, irakaskuntza Ipar eta Hego Amerikan izan ziren jorratutako gaietako batzuk, gehienbat bertaratutakoen galderek bideraturik, esku-hartze zabala eta truke arina sortu baitzen. “Oso bilera positiboa izan zen, komunitateari irekitako kultur jarduera bat egiteko aukera izan baikenuen. Josebak euskarari buruz eta Estatu Batuetako nafar diasporari buruz duen ezaguera bereziki interesgarria da guretzat, eta bere presentzia ohorea izan da”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Nafar Etxeko presidente Daniel Remondeguik.
Argentinako Nafar Etxea Etxepare Euskal Institutuarekin sinatu berria duen lankidetza hitzarmen bat medio hasi da aurten aurrez-aurreko euskara eskolak eskaintzen. Euskara Munduan programaren baitan astero ikastera biltzen diren ikasleek parte hartu zuten larunbateko mintzaldian. Bildu ziren baita ere, Buenos Airesko beste euskal elkarteetako kideak, hala nola Euskaltzaleak-eko, Iparraldeko Euskal Etxeko eta Laurak Bateko ikasle eta kideak, tartean Mikel Ezkerro Euskal Herriko historiaren dibulgatzaile ezaguna..