euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskalKultura.com-ek irabazi du euskara sustatzearen alorrari dagokion 2013ko Buber Saria

2013/12/13

Saria hartu zuten EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarri eta proiektuko kolaboratzaile Itxaso Diaz de Arcaya sari-banaketaren ondoko harrera-ekitaldian, garaikurra eskuetan (argazkia EuskalKultura.com)
Saria hartu zuten EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarri eta proiektuko kolaboratzaile Itxaso Diaz de Arcaya sari-banaketaren ondoko harrera-ekitaldian, garaikurra eskuetan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Sari batek beti ematen du plazera. Are gehiago erabat ezustean ematen badizute eta, Buber Saria bezala, internet alorreko Euskal Herriko zaharrena eta oihartzunik handiena duena bada. 2013ko Buber Saria, euskararen sustapenari dagokion atalean, EuskalKultura.com proiektuari eman zioten atzo Arabako Parke Teknologikoan egindako ekitaldian. Ohoratze hau, estuasun ekonomiko momentu berezi batean iritsi zaio, gainera, EuskalKultura.com-i. Diasporaren presentziari interneten eta Euskal Herri osoaren baitan Diasporaren ekarpenari emandako saritzat hartuta eman zituen atzo eskerrak Joseba Etxarri ekimeneko zuzendariak, saria, proiektua egunero-egunero kaleratzea posible egiten duten lankide, irakurle, sustatzaile, laguntzaile eta oro har lagun familia osoarena dela esanez.

Miñano, Araba. 2013ko Buber Sariak atzo gauean banatu ziren Gasteiz ondoko Miñanon kokatzen den Arabako Parke Tekonologikoan. Euskararen alorreko urteko webgune edo aplikazio onenari dagokion saria EuskalKultura.com proiektuari eman zitzaion. Saria jasotzera igo ziren Joseba Etxarri ekimeneko zuzendaria eta Itxaso Diaz de Arcaya kolaboratzaile arabarra.

Sariaren adierazgarri den Vicente Arnoriagaren estatuatxoa jasotakoan egin zituen hitzetan, EuskalKultura.com-eko zuzendariak eskerrak eman zizkion epaimahaiari eta honelako proiektu bati botoa emandako internauta guztiei. Pozez hartzen zuela, gehitu zuen, Euskal Diaspora euskararen eta Euskal Herriari dagozkion sari batzuen erdian kokatzen duelako, normaltasunez onarturik Diasporatik ere ekarriak egiten zaizkiola euskarari eta euskal unibertsoari, eta Diaspora, eskubide osoz, euskal ahalegin eta Euskal Herri dela.

2013-12-12 buber sariak 01

[Buber Sarien 11. edizioan (2013koa) saritutakoen talde-argazkia (irudia EuskalKultura.com)]

"Jende asko ari da Diasporatik euskal ahaleginean, baina historian askotan gertatu izan da inor ez egotea ahalegin horren berri jaso eta geure artera ekartzeko. Euskal ekimen asko galdu dira inor gutxik eskuratu duelako euren berri eta merezi zuten oihartzuna lortu ez dutelako. Guk sentiberatasun horrekin egiten dugu lan, lanean ari denari oihartzuna emanez. Horretan lagungarri izatea eta munduko euskal ahaleginak erregistratu eta guztion eskueran ipintzea, informazioa jasoz eta pasatuz, horixe da hain zuzen ere mugiarazten gaituena; zubi informatiboa izatea alegia, eta jendeak, ekimenak eta proiektuak elkarrekin harremanetan jartzea da EuskalKultura.com-en erronka eta helburua", esan digu.

2000. urtean lehenengoz banatu zirenetik atzokoarekin 11. ediziora iritsi diren Buber Sariak, Dolors Reig adituak sare sozialei eta 2014rako joerei buruz eginiko hitzaldi batekin hasitako ekitaldian (adierazi eta) eman ziren atzo, Internet & Euskadi elkartea antolatzaile. Elkarteko lehendakari Julio Usandizaga eta lehendakariorde Iruri Knör-en sarrera hitzen ondotik, zeremonia Arantza Garces aurkezle gauzatu zen, sarituak, atalka, honakoak izan zirelarik:

-Web edo blog korporatiboa: www.bancaparaempresas.com
-Blog edo orrialde pertsonala: www.reharq.com
-Software librea ondoen sustatzen duen web edo aplikazioa: www.elkarteak.info
-Euskara ondoren sustatzen duen web edo aplikazioa: www.euskalkultura.com
-Mugikorrerako programa: www.spotbros.com
-Elkartasun-proiektu web edo programa: www.ahotsargiak.com



Komentarioak

  • Zorionak!

    Euskaldun bezela, zorionak benetan zuen lanarengatik eta zorionak eta eguberri on eta 2014. urtea 2013 baino askoz hobea izan dadila!!!

    Maria, 2013/12/23 22:25

  • Zorionak!!

    Zorionak, mereziak, egunero gure buzoietara Diasporako berriak ekartzeagatik. Partaide egiten gaituzue eta eskertzekoa da hori. Euskal kulturaren alde egindako lan isil eta etengabea da zuena. Eskerrik asko!!

    Martin Etxegarai, 2013/12/23 09:35

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia