euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskalKultura.com-ek blog atal berria zabaldu du, iritzi, iruzkin eta gogoeten sustatzaile

2015/01/22

Blog atal berria, webgunearen lehen orrian, argazki galerien ondotik.
Blog atal berria, webgunearen lehen orrian, argazki galerien ondotik.

PUBLIZITATEA

Blogen sail berria zabaldu zuen atzo EuskalKultura.com-ek. Tarte berri bat zabaldu nahi izan dio ekarpenak egin eta euren hausnarketa eta berriekin, euren iradokizun eta komentarioekin, euskal diaspora eta kulturaren esparrua aberastu eta hobetu dezaketen kolaborazioei. Atal irekia da eta datozen egun, aste eta hilabeteetan izen eta lankidetza berriak bildu nahi lituzke. Urrats honekin, orain arte noizbehinka webgunearen artikulu editorial moduan Joseba Etxarrik sinatzen zuena 'aniztu' eta zabaldu egiten da, Artikuluok euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez izango dira, egileen hautua, nahiz eta horietako batzuk euskaratzen saiatuko den erredakzioa.

Donostia-San Sebastián. Irakurtzen ari zaren post honez gain --artikulu gisa argitaratu dugu hemene, albisteen atalean, baina Joseba Etxarriren blog-eko posta da berez-- , beste hiru post edo blog abiatu ziren orri hauetan. Hona sinatzaileen aurkezpena: 

Noël Elorga, Bidarraiko baxenabartarra, industriaria, gizon ekimentsua, Euskal Herrian egin diren eta egiten diren hainbat proiektutan laguntzaile eta sustatzaile. Diaspora hurbiletik ezagutzen du, familiaz eta bere eskarmentu propioan arrengura izan baitu berau ezagutu eta arlo honetan ere sostengatzaile eta lokarri izateko, besteak beste kide eta aholkulari duen Euskal Argentina elkartea medio. Askok Euskal Herrian ETBko debate programekin lotzen dute, iritziemaile eta solaskide izan baita horietako zenbaitetan.

Pedro J. Oiarzabal historialaria eta ikertzailea da Deustuko Unibertsitatean, Bilbon. Aditua da emigrazio eta diaspora gaietan eta modu berezian euskal diasporaren eta teknologia berrien arteko loturak aztertu ditu. Zenbait libururen egile, luze jardun izan da Euskal Herritik kanpo, Estatu Batuetan bereziki eta herrialde horretako eta beste batzuetako euskal komunitateak zuzenean ezagutu eta ikertu ditu. Gaur egun, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuko ikertzaile izateaz gain, Nevada-Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao Katedrako arduraduna da.

Azkenik, gaurko laugarren blogaria Argentinatik datorkigu, Cordoba probintziako Coronel Moldes herritik. Maria Echave, abokatua da, hezkuntzan interesatua, eta bere inguru argentinarreko zenbait komunikabidetan idatzi edo kolaboratzen du. Hainbat artikuluren egile, euskal gaiak gogokoak ditu oso eta sentimentu sakonak dauzka, edukiz hornituak, bere euskal jatorri eta euskalduntasunaz. Oso gogoan ditu eta idazteko iturri, gaztetan bere aiton-amona euskaldunekin etxeko sukaldean izaniko esperientziak eta bertan entzuniko istorio eta pasadizoak. Baina berak idatzitako lehenengo testu ederra irakurtzea hobe, bera hobeto ezagutzeko, hori guztia azaltzen baitu. "Cocina vasca campesina - Euskal baserri sukaldaritza" liburu arrakastatsuaren egile ere bada: umetako bere bizikizun euskaldunak errezetaz --errezeta euskalargentinarrez-- janzten dituen liburua. Sorterriko Gure Zainak euskal etxearen fundatzaile ere bada.

Esan bezala, egile bakoitzak nahiago duen hizkuntzan idatzi du, eta orain artean gehienbat euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez idatzi dute. Datozen egunetan frantsesez ere izango ditugu kolaboratzaile berrien testuak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia