euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskalKultura.com finalista 2013ko Buber Sarietan, euskarari dagozkion webgune eta aplikazioen atalean

2013/12/11

EuskalKultura.com-en azala gaur bertan
EuskalKultura.com-en azala gaur bertan

PUBLIZITATEA

Batzuetan sorpresa onak hartzen ditugu, eta iaz EuskalKultura.com Diario Vasco Sarietako webgune finalista izan bazen euskarari zegokion kategorian, aurten Euskal Herrian zaharrenak diren Buber Sarietan finalista hautatu dute gure webgunea, oraingoan ere euskarari dagozkion webgune eta aplikazioen kategorian. Mila esker gure izena proposatu eta gure alde bozkatu duten internautei. Orain epaimahai batek hautatuko du finalisten artean sariduna. "Bitxia da, baina oso egoera larrian gaudela iritsi zaigu berri hau", esan du EuskalKultura.com-eko zuzendari dugun Joseba Etxarrik. "Aste honetan eta urte amaiera honetan bertan erabaki latzak hartu beharko ditugu, erabat erori baitira gure diru sarrerak. Itxiera ekiditen badugu, oso mozketa gogorrak eginez izango da. Bihar emango dugu honen berri", aitortu du.

Donostia-San Sebastian. "Egiari zor, ezusteko gauza atsegina izan da internautek gure webgunea sariotarako proposatu, eta bigarren (eta hirugarren) fasera pasaturik finalisten artean aukeratuak izan garela jakitea", esan zuen iaz EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarrik, eta auten gauza bera esatea egokitu zaio, aitortu digunez ezustean harrapatu baitu azken egunetan adierazi dioten izendapen berriak.

Orduan ere esandakoa berretsi du Etxarrik: "Etengabe gabiltza webgunea eguneratzen, egunero ateratzen dugun buletina daukagu eta gure lana euskaraz ezezik gaztelaniaz eta ingelesez ere garatzen dugu, eta beraz ez zaigu astirik geratzen gizarte kontuetan ibiltzeko edo harreman publikoak lantzeko; webguneak kentzen digu daukagun denbora guztia eta gurea bezalako ekimen batean sariak eta errekonozimenduak ez dira ohikoak izaten, beraz sarion helburua animatzea, errekonozitzea, sustatzea eta Diasporatik Euskal Herriari egiten zaion ekarpen garrantzitsuari buruz arreta erakartzea bada, izendapen hau (...) ongi etorria da erabat".

Egoera ekonomiko latza: itxiera edo, onenean, mozketak

Etxarrik, ordea, gehiago esan digu. "Berri hau oso momentu latza bizitzen ari garela iritsi zaigu, azken urteotan gure sostegu ekonomikoek zinez behera egin ondoren. Beti ibili izan gara diruz eskas, baina mundu osoko irakurle eta lagunekin daukagun konpromisoari eusteko erabaki sendoak honaino iristera ekarri gaitu eta apustu dugun ekarpen xume baina iraunkor eta oinarriduna segitu nahi izanak bide ekonomiko konplikatuari aurre egiten lagundu digu. Baina azken urtean sarrera ekonomikoetan izan ditugun jaitsiera eta galerak ataka oso konplikatu batean utzi gaitu. Bihar adieraziko dugu zehatzago, baina erabaki larriak hartu beharrean gaude. Itxiera ekiditen badugu, oso litekeena da proiektua asko murriztu behar izatea eta ingelesezko edizioa, esaterako, osorik kendu behar izatea. Baina horren berri emango dugu aste honetan, seguruenik bihar".

-Buber sarietako finalistak (hau idatzitakoan euskarazko bertsiorik ez zegoen prest), hemen



Komentarioak

  • Zorionak!!... eta a zer zorigaiztoa!

    Zorionak, Joseba eta EukalKulturakook! Eta bihar biharko albistea tristuraz irakurriko dut, ingelesezko atala galtzea gaitza baita... Eskerrik asko, dena den eta orain arte emandako gertutasun nahiz albiste sortagatik.

    MariJoxe, 2013/12/11 21:50

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia