euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskalKultura.com-eko zuzendariak hitzaldia emango du gaur iluntzean Mendozan Denak Bat Euskal Etxean

2012/11/05

Joseba Etxarri hitzaldia eskaintzen Paraná-ko Urrundik euskal elkartean (argazkia EuskalKultura.com)
Joseba Etxarri hitzaldia eskaintzen Paraná-ko Urrundik euskal elkartean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Aurrera darrai Argentinan EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarri egiten ari den bisitaldia, azaroaren 26, 27 eta 28an Argentinako Euskal Aste Nazionaleko ekitaldietan parte hartu eta gero. Etxarrik hitzaldiak eman ditu joan den astean Parana eta Victoria herrietan, Entre Rios probintzian, bertako Urrundik eta Hariz euskal etxeen eskutik, hurrenez hurren. Gaur iluntzean, berriz, Andeen magaleko Mendozan, hitzaldia Denak Bat euskal etxearen egoitzan emango du, "Euskaldunak munduan" izenburupean.

Mendoza, Argentina. Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak gaur iluntzeko zazpietarako iragarri du Joseba Etxarrik hirian, euskal elkartearen egoitzan, emango duen hitzaldia. EuskalKultura.com-eko zuzendaria atzo bertan iritsi zen Buenos Airesetik, hiriburuan euskal gizataldeko zenbait lagunekin elkarrizketatu ondotik. Hitzaldia Denak Bat-eko lehendakari Iñaki Galarragak aurkeztuko du eta euskal etxetik bertaratzeko gonbitea egin zaie bazkide eta lagunei, dantzari eta euskara ikasle eta irakasleei eta, oro har, euskal kultura eta diazporaz interesatuta egon daitezkeen pertsona guztiei.

Mendozara iritsi zenetik Etxarrik aukera izan du bertako euskal gizataldeko hainbat euskaldunekin mintzatzeko eta baita famili bilera batean parte hartzeko ere. Gaur gauean, euskal etxearen sotoan aktibo den 'Mendozako Gaztetxea' bisitatzeko gonbitea ere jaso du kazetariak, eta hura osatzen duten gazteekin solastu eta iritzi-trukea egiteko.

Aurretik Parana eta Victorian

Iragan astean Parana eta Victoria herriak bisitatu zituen Etxarrik, biak Entre Rios probintzian, euren euskal etxeen eskutik. Paranan, Urrundik euskal argentinar elkarteko lagunek errezibitu zuten eta haien gidaritzapean bisita egin zuen Paranan euskaldunekin zerikusia daukaten zenbait lekuetara, tartean 'Bajada de los Vascos' delako beheranzko kalera eta Euskadi Plazara, ondoren hitzaldia emateko Urrundik-en egoitzan eta segidan, galdera txanda zabal bati ekin ostean, anaitasun afari moduko otordu batekin bururatzeko eguna, Juan Carlos Borras euskal etxeko lehendakaria ekitaldiko aurkezle.

Parana eta gero, beti ere Entre Rios probintziatik irten barik, EuskalKultura.com-eko zuzendaria Victoria hiriraino iritsi zen, bertako Haritz Euskal Etxearen eskutik Zientzia Ekonomikoen Kontseilu Profesionalaren egoitzan hitzaldia eskaintzeko, euskal etxeko lehendakari Fabian Zorzabal aurkezle. Hemen ere, hirian euskaldunekin lotura daukaten leku historikoak bisitatu zituen, tartean' Quinto Cuartel' delako eremua --XIX. mendean hirira ailegatu ziren aitzindari euskaldunen kokalekua, pilota kantxa eta guzti--, Jainko Haurraren Abadia beneditarra --Belokeko beneditarrek 1899an sortua eta Euskal Herriarekin harreman zuzena izan duena-- eda Arantzazuko Amaren Eliza, hiriko plaza nagusian dagoena eta jatorria Victoria fundatu zuen Joaquin Salvador Ezpeleta oiartzuarrak bertan eraikitako otoizleku eta kapera duena, Arantzazuko Ama delarik geroztik Victoriako zaindaria.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia