euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskalKultura.com-ek eginiko inuxentekeriari jaramon egin zioten beste medio batzuek, egiazkotzat joz

2007/12/31

Albistea
Albistea

PUBLIZITATEA

Bizitza umorez hartzeko aukera guztiak gutxi direla pentsatuz EuskalKultura.com-ek Inuxente eguneko jokoan sartzea erabaki eta inuxentekeria ipini zuen joan ostiralean, abenduaren 28an alegia, bere albisteen artean. Bai, AEBetako HBO katea ezagunak Julian Arrambide --iulian arrambaid ahoskatu behar zela genion-- izeneko euskal jatorrizko detektibe bat protagonista zuen telesailaren berria asmatua zen. Beraz, Ricardo Arambarri eta Olatz Arrieta kazetariek ez dute, oraingoan behintzat, aktore gisako debutik egingo, ez eta Dave Bieter Boiseko alkate euskaldunak ere. Eta kamerak ez dira etorriko, Arralde 'herri bizkaitarrera' grabatzera. 'Primizia', dena den, sinetsi zuen bat baino gehiagok, eta halako oihartzuna eman zioten, besteak beste, EITB, Izaronews, EuskoBlog, CyberLatino eta NuevasNoticias-ek, besteak beste. Olatz Arrieta ETBko korrespontsal newyorktarrak ere, gezurtatu egin behar izan zion bat baino gehiagori bere karrerako 'urrats berri hori'.
Albistea, bere osotasunean, hemen irakur daiteke. AEBetan kazetari karrera polita egina duen Ricardo Arambarri euskal venezuelatarrak --Univision telebistako 'Primer Impacto' saioko aurkezle eta izarra denak-- euskal jatorrizko detektibe iparramerikar baten papera egin behar zuela AEBetan eta Euskal Herrian grabatuko zen telesail berri batean zioen berriak. Detektibeak, nonbait, senadore kaliforniar baten hilketa behar zuen ikertu eta telesailean parte hartzeko, Ricardo Arambarriz aparte, Tomas Arana aktore estatubatuarrak, New Yorken bizi den Olatz Arrieta EITBko korrespontsalak eta Dave Bieter jatorri euskalduneko Boiseko alkateak behar zuten parte hartu.

Arambarri, Dave Bieter alkatea eta Olatz Arrieta, 'aktore'

Pertsonaiak egiazkoak izaki, baina egin behar zutena ez. Pistak ematen ziren egia antzemateko. Batetik, aktore lanetan jartzen ziren aktore ez diren hiru pertsonaia: Olatz Arrieta, Dave Bieter eta Ricardo Arambarri bera. Zalantzak segituz gero, grabaketak Arralde izeneko herri batean behar zuten, 'Bizkaiko kostaldean', eta jakina da halako herririk ez dagoela Bizkaian eta Arralde, ETBko Goenkale telesaileko herri asmatuaren izena dela. Bestetik, kointzidentzia izango al zen senadore kaliforniarraren izena John Guzurraga izatea? Azkenik, Euskal Telebista bera sartzen genuen proiektuan, beraz bertan galdetzea besterik ez.

Azurmendi, esnatu gabe komentatzen

Goizean guztiz esnatu gabe harrapatuko genuen Jose Felix Azurmendi, berak galdera handirik ez baitzion egin bere buruari EuskalKultura.com-ek argitaratutako berriaz. Konturatu gabe Inuxente Eguna zela, edota gurekin gutxienez orain arte izana lukeen fede eta konfidantza handia agerian utziz hauxe eman zuen argitara Eitb-ko bere blogean. Gero, hortik, beste batzuk erreproduzitu zuten, hirugarren batzuk berria zuzenean gure orrialdetik hartzen zuten bitartean. Batera edo bestera, 'berria' Izaronews.com-ek eta geroago Eusko Blog eta Cyberlatino.net-ek, eta ondoren NuevasNoticias.com eta InfoEuskadi.net-ek eman zuten.

Olatz Arrieta: 'Asko gustatu zait'

New Yorketik, Olatz Arrietak arratsaldez idatzi zigun inuxentekeria asko gustatu zitzaiola esanez eta goizean goiz --sei orduko aldea dago Euskal Herria eta New York artean-- jaso zituela lehenengo galderak Euskal Herritik bere aktoretza arloko debutaz galdetuz. Geroago, Azurmendik berak --beste inork esanda edo bera konturaturik-- inuxentekeria izan zitekeela aipatzen zuen, hipotesia gisa, 'muy buena, por cierto', zioen bere blogean.

Ricardo Arambarri: 'Oso ona izan da'

Denbora pixkat gehiago hartuz, Arambarrik idatzi digu esanez harriturik hasi zela hartzen e-mailak 'Julian' (Arrambide detektibea) delako norbait aipatuz eta 'zorionak emanez'. 'Izugarri ondo gelditu zaizue', esaten du. 'Linkak bidali dizkiet anai-arrebei inprimatu eta Aita eta Amari erakusteko. Harrigarriena, Azurmendik gai honi buruz idatzi izana', dio. 'Berriz ere eskerrik asko txantxarengatik; oso ona izan da', bukatzen du Ricardo Arambarrik.


Lotura interesgarriak

EuskalKultura.com-ek argitaratutako inuxentekeria
2007ko abenduaren 28an EuskalKultura.com-ek argitara emana

Inuxentekeriak gaztelaniazko prentsa munduan
Buenos Aireseko La Nacion-ek argitara emandako artikulua


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia