euskal diaspora eta kultura
2014/05/05
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarri AEBetako euskal piknik sasooia irekitzen duten zenbait jaialditan izango da datozen asteetan, Kaliforniara egingo duen bidaiaren baitan. Bidaia honetako aurreneko hitzordua maiatzaren 17an izango da, Los Banos-en bertako euskal etxearen Euskal Piknikean.
Los Banos Basque Club elkarteak mende erdia bete du aurten eta, hori dela eta, egitarau zabala antolatu du 17 eta 18ko jai asteburu honetarako. Ekitaldien artean aipagarriak dira, besteak beste, Noka talde euskal-kaliforniarrak eta Luhartz taldeak emango dituzten kontzertuak. Luhartzeko musikariak Euskal Herritik Los Banosera joango dira propio elkartearen erromerian giro ederra jartzeko. Horrez gain, aipatu ere Joseba Etxarrik hitzaldia emango duela asteburuan, Kaliforniako euskaldunen historiari buruz. Piknikaren egitaraua, hemen.
Bigarren hitzordua Bakersfield-en izango da, Kern County Basque Club elkartearen urteroko euskal jaialdian. Elkarte honek ere urteurrena ospatzen du maiatzaren 23, 24 eta 25ean: 70 urte betetzen ditu kaliforniar euskal etxe honek. Egitarau zabala dakar ospakizunak, eta proposamenetako batzuk aipatzearren, merezi du azpimarratzea asteburu horren baitan egingo dela ere Accordion Festival delakoa eta Noka taldeak eta Mikel Markez kantariak emanaldiak eskainiko dituztela. Egitarau osoa, hemen.
Halaber, Bakersfield-en egingo da, maiatzaren 23an, Ipar Ameriketako euskal etxeen federazioaren 2014ko bilkura, NABO Convention delakoa. Joseba Etxarrik ere parte hartuko du bileran, eta ondoren asteburuko ekitaldietara bilduko da, beste ordezkari eta bisitariekin batera.
Azkenik, EuskalKultura.com-en Kaliforniara bidaia maiatzaren 31ko asteburuan amaituko da, San Francisco Basque Club elkartearen urteroko piknikean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus