euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak adituak bildu zituen Madrilen euskaren jatorriaz mintzatzeko

2009/05/13

Almagro Gorbea irakaslea, “El origen de los vascos” liburuaren egilea, mintzaldia ematen (argazkia RSBAP)
Almagro Gorbea irakaslea, “El origen de los vascos” liburuaren egilea, mintzaldia ematen (argazkia RSBAP)

PUBLIZITATEA

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Gorteko Ordezkaritzak "Euskal historiaurrea: oraina eta etorkizuna" izeneko jardunaldia antolatu zuen joan den larunbatean Madrilen, euskaldunen eta euskararen jatorriei buruz mintzatzeko. Topaketa San Lorenzo del Escorial herriko hotel batean egin zen eta bertara genetistak, arkeologoak eta hizkuntzalariak bildu ziren. Euskararen misterioa argitzeko disziplina desberdinen arteko kolaborazioaren beharra aipatu zuten adituek.

Madril, Espainia. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen (RSBAP, Real Sociedad Bascongada de Amigos del País-en) Gorteko Ordezkaritzak lehendabizikoz  bildu zituen genetistak, arkeologoak eta hizkuntzalariak  'Euskal historiaurrea: oraina eta etorkizuna' jardunaldian euskararen eta euskaldunen jatorriei buruz mintzateko.  Mintegiak  Euskal Herriko eta atzerriko akademiko eta adituak bildu zituen, eta Madrilgo RSBAPeko lehendakari  Iñigo de Yrizar izan zen jardunaldiko buru, elkarteko kide Rosa Ramírez-ek EuskalKultura.com-i azaldu dionez.

Bederatzi orduko jardunaldi maratoniano hiru zatitan banatu zen.  Hizkuntzalaritzari buruzko saioan  Joaquin Gorrochategui (UPV/EHU) eta Francisco Villar (Universidad de Salamanca ) akademikoek egin zituzten hitzaldiak.

RSBAP 03

[Joaquin Gorrochategiren mintzaldiko une bat (argazkia RSBAP)]


RSBAP 02

[Francisco Villar hizkuntzalariaren solasaldia (argazkia RSBAP)]

 
Antropogenetika saioan UPV/EHU-ko katedratiko Concepción de la Rúa eta Universidad Complutenseko Eduardo Arroyo izan ziren hizlari.

RSBAP 01

[Concepción de la Rúa mintzaldia ematen  (argazkia RSBAP)]

 

Azkenik, Arkeologia saioan Jesus Altuna, Gipuzkoako Arkeologia eta Paleontogia Ondare Zentruko zuzendaria, eta Universidad Complutenseko Historiaurreko katedratiko Martín Almagro Gorbea izan ziren hizlari.

Diziplina arteko lana

Hizlari guztiek konklusio irekiak eman zituzten, euskararen jatorriaren misterioa gai zaila dela onartuz, euskarak ez duelako urrutiko “seniderik” eta euskalkiak gertuegikoak direlako. Adituen esanetan diziplina bakoitzak besteen laguntza behar du ikerketa bide onean jarri ahal izateko.

RSBAP-ek jardunaldi honen aktak jaso eta datozen hilabeteetan argitaratuko dituela jakinarazi du. 


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia