euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunen stand bat bigarren urtez partaide Corrientes probintzia argentinarreko Goya herriko Immigranteen Jaian

2021/10/29

Juan ‘Tato’ Basterrechea, Ayelen Arduri gizataldeko erregina eta standean prestatutako janaria 2019ko Immigrantearen Jaian (arg JB)
Juan ‘Tato’ Basterrechea, Ayelen Arduri gizataldeko erregina eta standean prestatutako janaria 2019ko Immigrantearen Jaian (arg JB)

PUBLIZITATEA

Goya, Argentina. Immigrantearen Jai Probintziala azaroaren 5ean eta 6an egingo da Goyan eta bertan euskal stand bat muntatuko du Juan ‘Tato’ Basterrechea buru duen taldeak. Ez da izango Basterrecheatarren lehenengo gizataldeen festa. Izan ere, 2019koan ere hartu zuten parte. Basterrecheak berak aitortzen du ‘kointzidentziaz’ izan zela. "Udaletxean nengoen tramite bat egiten eta nire abizena entzutean Jai Batzordean dabilen pertsona batek gonbidatu ninduen parte hartzera euskal gizataldearen ordezkari. Nik banekien nire abizena euskal abizena zela; harro nago nire sustraiekin, eta baietz esan nion”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i..

2019ko Jaialdian Basterrechea familiak muntatu zuen gehienbat euskal standa. “Gure arteko zerbait izan zen. Ez genuen izan denborarik deialdirik egiteko. Apenas ikurrina bat erosteko, Euskal Herriaz zeozer irakurtzeko eta hori bai, euskal janaria prestatzeko: babarrunak txorizoarekin. Oso ekintza xumea izan zen baina euskal gizataldeak bere lekua izan zuen jaian”.

Oraingoan ere deia luzatu dio Udalak euskal jatorriko jendeak presentzia izan dezan jaialdian eta Basterrechea eta bere taldea lan polita ari dira egiten standa gauza gehiagorekin aberatsago eskaini ahal izateko. “Euskaldunak aurkeztu eta hiriko eta inguru herrietako euskal jatorriko jendea erakarri nahi dugu proiektua sendotu ahal izan dadin. Hala bada, agian egunen batean euskal etxe bat sortzeko moduan egongo gara”, adierazi digu.

“Aurtengo jaian babarrunak ez ezik, kalimotxoa ere prestatuko dugu. Eta hiriko dantza talde batek euskal dantza bat egingo du. Nik asko ikasi dut euskal kulturaz, ohiturez, kirolez… asmoa da taldea handitzea eta Argentinako beste euskal etxeekin ere kontaktatzea”, azpimarratu du Basterrecheak.

Goyako Immigrantearen Jai Probintziala azaroaren 5ean eta 6an antolatuko da Costa Surubi Gunean.

Taldean Instagramen topa daiteke, colectividadvascagoya kontuan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia