euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako UVVko irakasleek euskal jatorridunen partaidetza San Nicolaseko Akordioan aztertu zuten

2012/06/04

Jardunaldian parte hartu zuten Udako Euskal Unibertsitateko lau irakasleak San Nicolasen (argazkiak UVV)
Jardunaldian parte hartu zuten Udako Euskal Unibertsitateko lau irakasleak San Nicolasen (argazkiak UVV)

PUBLIZITATEA

Museoen Nazioarteko Egunaren baitan, Argentinako Udako Euskal Unibertsitateko irakasle talde bat Buenos Aires probintziako San Nicolas hirira bidaiatu zen hitzaldi saila bat ematera. Herriko Museo eta Artxibo Historikoak, Udako Euskal Unibertsitateak (UVV, Universidad Vasca de Verano) eta bertoko Euskal Etxeak antolaturik, adituak 1852.ean sinatu zen San Nicolaseko Hitzarmenaz eta akordio honetan euskaldunek izan zuten eraginaz mintzatu ziren. Hitzaldiak bukatuta, Euskal Etxeko ‘Sukaldariak’ talde gastronomikoak afaria eskaini zien gonbidatuei euskal erakundearen egoitzan.

San Nicolas, Argentina. Argentinako hiriburuan egiten dira, normalean, Universidad Vasca de Verano (Udako Euskal Unibertsitatea) delakoak antolatzen dituen ekimenak. Izan ere Euskal Echea elkartea da proiektuaren babesle nagusia eta ikastaro eta bilerak izen handiko eskola honetako instalazioetan burutzen dira. Hala ere, oraingo hau ez da UVVk Buenos Airesetik kanpo gauzatzen duen lehendabiziko ekitaldia. Gogora dezagun iaz, bertako euskal etxearen 60. urtemuga zela eta, Unibertsitateko irakasleek bi eguneko mintzaldia eman zutela Pergaminoko Lagun Onak-en. 2010ean ere, eta euskal kultura zabaltzeko izpiritu berarekin, Tres Lomas herria bisitatu zuten UVV-ko arduradunek hiri horretako alkateak gonbidaturik.

Oraingoan, San Nicolas izan da jomuga eta bertara joan zen irakasle taldea Unibertsitateko beste kide batzuek lagun. Maiatzaren 18an, eta izan ere San Nicolaseko ‘Akordioaren Etxean’, San Nicolaseko Akordioari buruz hitz egiten zuten adituek. Ikuspegi ezberdinetatik azalduz, hizlari bakoitzak ikasgai berezi bat hartu zuen: Enrique Otañok ‘San Nicolaseko Akordioa, akordioaren aurreko hitzarmenen garrantzia’ izeneko hitzaldia eman zuen; Pedro Beramendi, ordea ‘Urquiza, euskal jatorria, biografiak eta bere rola Akordioan’ gaiari buruz mintzatu zen. Carlos Irisarrik hautatutako gaia ‘Virasoro, euskal jatorria, biografia eta bere rola Akordioan’ izan zen; eta Jorge Beramendik ‘Alurralde, Balmaseda, Crespo eta Taboada Ibarra, euskal jatorria, biografia eta bere rola Akordioan’ azaldu zuen.

Maiatzean Akordioaren urteurrena ospatu da. Aipatzekoa da geroago Argentinako 1853ko Konstituzioaren oinarri bihurtu zen Akordioan hamahiru probintziako gobernadoreek hartu zutela parte. Hitzaldiak bukatuta, Euskal Etxea erakundeko ‘Sukaldariak’ talde gastronomikoak afaria eskaini zien bisitariei. Udako Euskal Unibertsitateko irakasleek eta San Nicolaseko euskaldunek gaua goxoki partekatu zuten euskal etxearen egoitzan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia