euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunen musika, dantza eta koloreak gailen Tandilgo bihotzean, bertako euskal etxearen 65. urteurren jaian

2014/11/25

Joan den azaroaren 22an izan zen Tandilgo Independencia Plazan Gure Etxea-ren 65. urteurren jaialdia (argazkia Ekin Dantzari Taldea)
Joan den azaroaren 22an izan zen Tandilgo Independencia Plazan Gure Etxea-ren 65. urteurren jaialdia (argazkia Ekin Dantzari Taldea)

PUBLIZITATEA

Hiriko Independentzia Plazan bildu ziren euskal etxeko kideak eta hara bertaratu zen publikoa joan den larunbatean danborradak eta dantzak erakarrita. Ikuskizuna bukatzean, euskal etxean elkartu ziren gonbidatuak erromeriaz gozatzera. Tandilgo Gure Etxea-ren 65. urteurreneko programak datorren astean jarraituko du argazki erakusketa, hitzaldi eta Pilota Txapelketa batekin, egingo diren ekintzetako batzuk aipatzearren. 

Tandil, Argentina. Azken urteetan bezala, Tandilgo Gure Etxea euskal etxeak antzinako erromerien ereduari jarraituz ospatu du aurten ere bere urtebetetzea. Euskal erromeria tradizionala testuinguru, eta komunitateak ere parte har zezan, kalerik kale kalejiran joan ziren gonbidatuak, buruhandiak eta erraldoiak lagun, euskal egoitzatik Independentzia Plazaraino.

Plazako estalpean, agintarien esker oneko hitzen eta Aurreskuaren ostean, Gure Abestiak abesbatzaren errezitala eta dantza emanaldi bat eskaini zizkion euskal etxeak bildutako publikoari. Aurtengo jaialdian, lagun askoren partaidetza artistikoa bildu ahal izan dute Tandilgo euskaldunek: Buenos Aireseko Ekin Dantzari Taldeak eta Lapridako Lagunen Etxeak, Maipuko Anaitasunak, Mar del Platako Denak Batek eta Necocheako Euzko Etxea euskal etxeetako dantzariek ere bat egin zuten gazte anfitrioiekin. Dantza erakusketa amaitzean, berriro ere euskal etxera abiatu ziren dantzari eta laguntzaileak jai-giroarekin segitzeko.

Baina Gure Etxearen 65. urteurren programa ez zen joan den larunbatean bukatu. Izan ere, datorrenean jarraituko du, 29an, honako ekintza hauekin: arratsaldeko 6etan, ‘Gure Etxearen lehenengo 65 urteetako ibilbidearen’ argazki erakusketaren inaugurazioa; 7etan, Mikel Ezkerroren ‘Euskal Herriaren misterioa’ hitzaldia; eta gaueko 9:30etan, Urteurren afaria Gure Abestiak etxeko abesbatza eta Buenos Airesko Ixilik Taldea lagun.

Datorren hilabeterako ere badituzte gonbite batzuk tandildarrek. Abenduaren 12an, iluntzeko 8etan, jaiotza biziduna egingo dute euskal etxearen aurreko Plaza de las Carretas enparantzan. Abenduaren 15etik 19ra, azkenik, ‘Isidro Legarreta’ Pilota Txapelketa jokatuko da instituzioaren pilotalekuan.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia