euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Euskaldunen laguntza eta solidaritateagatik ez balitz Boisen ez zen Bosnia-Herzegovinako kultur talderik egongo”

2015/07/15

Ramajla Maya Duratovic, Boiseko Bosnia-Herzegovinako kultur taldeko bozemailea (ezkerrean) taldekide batzuekin, ezkerreko irudian. Eskumakoan, Oinkari eta Mladi Bihar dantza taldeetako kideak, batera, dantzan (argazkiak M.B.)
Ramajla Maya Duratovic, Boiseko Bosnia-Herzegovinako kultur taldeko bozemailea (ezkerrean) taldekide batzuekin, ezkerreko irudian. Eskumakoan, Oinkari eta Mladi Bihar dantza taldeetako kideak, batera, dantzan (argazkiak M.B.)

PUBLIZITATEA

Boiseko Bosnia-Herzegovinako komunitateak ospatu berria du Boisen bere lehendabiziko urteroko jaialdia. “Xumea baina polita eta jendetsua izan zen”, adierazi dio EuskalKultura.com-i, Ramajla Maya Duratovic taldeko bozemaileak. Mila bat lagun izan ziren partaide, tartean hiriko Oinkari euskal dantzariak eta Boiseko Euskal Museoko zuzendari Patty Miller. Azken honek jaso zuen, euskal komunitatearen izenean, esker oneko plaka. “Euskaldunen laguntza eta solidaritateagatik izango ez balitz ez zen egun Boisen Bosnia Herzegovinako talde kulturalik egongo”, esan digu Duratovic-ek.

Boise, AEB. Hamabost urte joan dira 2000n Boiseko bosniar-herzegovinatarrek Mladi Behar (Lore Gaztea) talde kulturala abiatu zutenetik eta, ordutik hona, hitzaldiak, erakustaldiak eta dantzaldiak antolatu dituzte. Baina, aurten, maiatzaren 9an, lehenbiziko jaialdia antolatu dute. Eta urtero egiteko intentzioa daukate. “Boisera etorritako bosniar eta herzegovinatarrek geure kultura mantendu ahal izateko sortu genuen taldea”, azaldu du Duratovic-ek. “Ez da gauza erraza geure jendea batzea, gerra ostean, belaunaldi zaharrenek bereziki, elkar ikusi ezina dutelako. Baina esperantza daukat gazteago garenok samina gainditu eta, hemen behintzat (AEBetan), batu ahal izatea”.

Politika eta erlijio kontuak saihestu egiten dituzte Mladi Behar-ekoek, AEBetako euskaldunen artean ere askotan gertatzen den moduan. NABOk, Ipar Ameriketako Euskal Elkarteak batzen dituen erakundeak, hori hartu izan du historikoki jokabide nagusitzat: gai politikoak ahalik eta gehien saihestea.

Begirunea

Euskaldunekiko begirune handia dauka talde bosnia-herzegovinatar boisetarrak. Bozemaileak azaltzen digunez, “hasieran hemen, inork ez zigun batere jaramonik egiten eta Boiseko Euskal Museoak bere gelak utzi zizkigun, doanik, bilerak egin ahal izateko. Beren laguntzarik gabe ez ginateke hemen egongo”.

Begirune horrengatik ere esker oneko plaka bat eskaini zioten Patty Miller-i, eruen lehenengo jaialdian. “Bi taldeen arteko anaitasunaren adierazgarri. Euskaldunak gure aitapontekoak bezala ikuste ditut nik, garairik zailenetan lagundu ziguten bakarrak”.

Hogeita hamar bat ume eta gazte dituzte Mladi Behar-ekoek beren dantza taldean eta, aurrera begira zer egin jakiteko, “euskaldunek gure aurretik eman dituzten urratsetan pentsatzen dugu”, azaltzen du Duratovic-ek. “Euskaldunek Boisen lortu dutena ikaragarria da, lan izugarria egin dute komunitatea sendo eta osasuntsu mantentzeko eta eredu dira guretzat”, aitortzen du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia