euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunen Kuba (I): ehun bat jende bildu ziren Aberri Eguna ospatzeko La Habanako 'Centro Vasco' jatetxean

2008/04/03

Ainhoa Agirreazaldegi bertsolaria Habanako Centro Vascoko Aberri Egunean (argazkia Rakel Agirre)
Ainhoa Agirreazaldegi bertsolaria Habanako Centro Vascoko Aberri Egunean (argazkia Rakel Agirre)

PUBLIZITATEA

Kubako euskal diaspora 1980ko hamarkadan ia desagertu zen arren, Habanako euskal komunitateak Aberri Eguna ospatzen duen laugarren urte jarraia du aurtengoa. Iragan martxoaren 23an Asociación de Beneficencia Vasco-Navarrak, Kubako hiriburuan kokatu diren euskal enpresa batzuen laguntzarekin, ehun bat pertsona bildu zituen malekoiaren ondoan kokaturik dagoen Centro Vasco jatetxean. Euskal eta kubatar bertsolariek eta trikitilariek girotu zuten festa. Josemi Arrugaetak sinatzen du artikulua Berria egunkarian.
Laugarren urtez jarraian, Aberri Eguna ospatu zuen joan den igandean euskal komunitateak Habanan. Malekoiaren ondoan dagoen Centro Vasco jatetxean egin zuten, eguerdian hasita, eta ehun lagun inguru elkartu ziren. Ekitaldi enblematikoa bihurtu da euskal jatorriko kubatarrentzat eta Kuban bizi diren euskal herritarrentzat. Asociación de Beneficencia Vasco-Navarrak antolatu zuen --euskal komunitatea biltzen duen erakunde bakarra da oraindik ere Kuban--, eta Habanan kokatu diren euskal enpresa batzuen laguntza jaso zuen.

Kubako euskal diaspora 1980ko hamarkadan ia desagertu zen arren, azken urteetan hasitako susperraldi apalaren adierazle izan zen Aberri Eguneko ekitaldia. Elkarteko buru Maria Teresa Cornidek parte-hartzaile guztiak agurtu, eta berriki hil den Octavio Cortazar zinema zuzendari kubatarra izan zuen gogoan. Hil aurreko azken elkarrizketan --Berriako Igandea-n kaleratu zen-- esandako hainbat pasarte irakurri zituen, non bere euskal jatorria nabarmendu eta horretaz harro agertzen zen.

Bertsolari eta trikitilariek ezarritako giroa

Euskal Herritik etorritako bertsolari gazte talde batek kantatu zuen gero, baita gazteleraz ere; Kubari buruzko euren inpresioak azaldu, eta bi herrien arteko loturen sendotzea desiratu zuten. Unai Muñoa, Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Iratxe Ibarra eta Ander Lizarralde bertsolariekin batera kantatu zuen Emiliano Sardiñasek, euskal jatorriko errepentista kubatarrak. Ekitaldia giro onean joan zen, arratsaldera arte, Alaitz Telletxea, Iker Goenaga eta Maider Urkizu trikitilarien doinuak lagun.

Euskal etxea sortu ahal izatea da Centro Vascon elkartu zirenen itxaropena, Aberri Eguna eta bestelako ekitaldiak ofizialki ospatu ahal izateko eta gero eta premiazkoagoak ikusten dituzten proiektuak gauzatu ahal izateko; hala nola euskararen irakaskuntza, euskal kultura sustatzeko, Kuban aldi baterako dauden euskal herritarrekin harreman zuzenak izateko eta elkarte gisara eguneroko bizimoduan jardun izan ahal izateko. Helburu horrekin lanean ari dira elkarteko kideak, Kuban kokatutako euskal herritarrak, hara lanera joan diren hainbat enpresari eta oporretara edo lagunak ikustera joaten diren euskal herritarrak.

(2008-03-30ean Berria-ko 'Igandea' gehigarrian argitara emana)


Lotura interesgarriak

2007ko Aberri Egunaren ospakizuna Habanan
2007ko apirilaren 10ean EuskalKultura.com-en argitara emana

'El Onceno Maestro', Octavio Cortazar kubatarraren filmea
2008ko otsailaren 13an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia