Brandsen, Argentina. Brandsenek "Boulevard de los Vascos - Euskaldunen Ibilbidea" (sic) estreinatu du. Hiriko Udalbatzak, edo zehatzago egitura argentinarrean Concejo Deliberante izena hartzen duen organoak, 2228. ordenantza onetsi zuen irailaren 18an, Mitre kaleko zati bati, Ituzaingó eta Larrea kaleen artekoari, izen berri hori emanez euskaldunen presentzia hirian eta euren ekarpena gogoratu eta ohoratzearren. Proposamena "El legado vasco, apellidos y testimonios de vida en Brandsen" (Euskal legatua: deiturak eta bizitza-lekukotasunak Brandsenen, Editorial Dunken, 2018) liburuaren egile den Cristina Juliarenari zor zaio, bere ikerlanak ere oinarri.
Euskal presentziaren garrantzia aitortu nahi duen proiektua Cristina Juliarena ikertzaileak egin eta aurkeztu du, bere liburua aurrekari eta ehun sinadura lagun.
“Udaln ordenantza, liburuaren ondorioa da”, azaldu du Juliarenak EuskalKultura.eus-ekin solasean. Liburuak Buenos Aires probintziako herri honetara migratutako euskal familien historia aurkezten du eta lau urteko lanaren emaitza da. Bere orrialdeetara bildu ditu Brandsengo landa-eremuetan (Altamirano, Gómez, La Pepita, La Posada) ezarri ziren eta Euskal Herria sorleku zuten familia horietako 21en lekukotasunak. Bertako ia 1200 abizen ere bildu ditu, iraganeko hamaika ezizen erreskatatuz eta toponimian edo erregistroetan isla izan duten eta gaur egun desagertuak diren ia beste ehun bat abizen batuz.
Horrekin batera Euskal Herriko koadro historiko geografikoa eta XIX. mendeko biztanleriaren egoera aurkezten ditu, Argentinarako emigrazioa eragin zuena. Beste gai batzuk ere jorratuz, hala nola euskal emakume immigranteak, esne-ustiategian egiten zuten lana, euren eguneroko zeregin ugariak eta seme-alaben hazkuntza. Elkarrizketatutako familiek emandako 100 bat argazki ere plazaratzen ditu, eta baita hiru mapa ere. Horietako batean Brandsengo familien Euskal Herrian jatorrizko lekuak nabarmenduz.
Euskal Diasporaren Egunaren deklarazioa
Kale izendapenarekin batera, Udal Legebiltzarrak, irailaren 8a Euskal Diasporaren Eguna izendatu zuen. Izan ere herritar talde berak eskatu eta lortu zuen "apaintzea eta ospakizuna egin ahal izatea egun horretan —gure komunitatearen ospakizun eguna denez— Socobehere Etxea kokatzen den lekuan, ostatu ohi zaharra eta adierazgarria eta landa-biltegia zenez, bere pilota-paleta kantxarekin, egun itxia badago ere, baina oso egoera onean, eta oraindik ere familia bera jabe dela", adierazi dio gure buletinari.
"El legado vasco, apellidos y testimonios de vida en Brandsen" liburua internetez eskura daiteke hemen.